Agrégateur de contenus

.

10·04·2026


Denboraldi honen amaieran, lanez, konpromisoz eta dedikazioz beteriko 27 urteko etapa luze bat amaituko du Pablo de Torresek UKEn, ahazten eta ordezten zaila izango den arrasto sakona utziz.

Bere burua "pertsona gertukotzat eta pertsonari balioa ematen dion pertsonatzat" jotzen duen teknikariak entrenatzaile eta koordinatzaile lanak uztartu ditu urte hauetako gehienetan, bere ustez "kirola modu antolatuan, irizpidez eta borondate onez" egiteko aukera eskaintzen duen klub batean. "Nire lana hemen jokalarien formatzaile eta pertsonen hezitzaile izatea izan da. Futbola topaleku bat da, eta bertan jendea hezteko, elkarrekin bizitzeko eta pertsona eta jokalari gisa balioak eskuratzeko aukera ugari ditugu", azaldu du.

Bi alderdi horiekin asko gozatu duela dio, baina aukeratu behar badu, entrenatzaile izatearekin geratzen da "jokalariekin zuzenean lan egiten duzulako. Kudeaketa hori oso polita eta zaila da aldi berean. Nik beti esaten dut ligak ordezkoek irabazten dituztela eta talde osoa motibatuta eduki behar duzula". Koordinazioari dagokionez, adierazi du antzekotasun batzuk dituela entrenatzailearen paperarekin. "Entrenatzaile batek 20 jokalariko talde bat kudeatzen du, lider izan behar du taldearen barruan, eta multzoa bide onera eraman. Koordinatzailea, aldiz, entrenatzaile guztien liderra da. Bere helburua da talde guztietan lan egiteko modua gutxi gorabehera uniformea izatea eta denek kirol eta giza alderdiak ardatz batekin garatzea".

Jubenilekin hasi zuen bere ibilbidea, eta kadeteak eta erregionalak ere zuzendu ditu etapa ezberdinetan: "talde guztiekin gozatu dut, baina niretzat kategoriarik onena kadeteena da, jokalaria garapen betean dagoelako eta alderdi fisikoak, taktikoak eta teknikoak landu ditzakezulako".

Lanaren ideia argia

Pablo 1999an iritsi zen UKEra, Donostiako Fortuna San Patricion 13 urtez egon ondoren Urnietara bizitzera etorri zenean. Ordutik hona oso ideia argiarekin lan egin du: "kluba ahalik eta gorenen uztea eta klubaren eta herriaren parte izatearen sentimendua sortzea". "Hona etorri nintzenean, entrenatzaile gehienak kanpokoak ziren. Horrela, oso zaila zen kide izatearen sentimendua errotzea, eta lehen taldeko jokalariak beheko mailetako entrenatzaile gisa jartzea pentsatu nuen". Dinamika horrek gaur egun indarrean jarraitzen duela azaldu du, eta "UKEko 20 entrenatzaileetatik 3 bakarrik ditugu kanpokoak". Diotenez, adibidea norberarena da, eta horixe jarri du praktikan de Torresek berak, UKEri leial izanez: "irteteko aukera asko egon dira, baita ekonomikoki oso on bat ere, baina ez nuen hartu".

Kluba hobetzeko eta eraldatzeko lan egin du etengabe, eta urte hauetan izan den bilakaera azpimarratu du: "UKEra iritsi nintzenean klub galtzailea zen. Hernani konpetentzia moduan ikusten zen eta Urnietan geratzea zen okerrena. Hori aldatu egin da eta orain jendeak hemen geratu nahi du". "Kide izatearen zentzua handitu dugu, eta gauzak behetik gora egiteko ahalegina egin dugu". Horretarako, etxeko jendearen alde apustu egitea ezinbestekoa dela dio: "nik ez dut nahi goi mailetan dagoen talde bat Urnietako jokalari bakarrarekin eta gainerakoak kanpokoak izanda".

Bide horretan sakontzeko 2008an Futbol Eskola sortzea oso garrantzitsua izan zela azpimarratu du: "klub batean bi oinarri garrantzitsu daude. Bata behetik harrobia edukitzea da eta horretarako futbol eskola funtsezko zutabea da. Eta beste bat da talde bat goian ondo kokatuta edukitzea, jendeak foku bat izan dezan".

Egoera ugari

Urte hauetan guztietan era guztietako egoerak bizi izan ditu, baina honako hauek azpimarratu ditu: "lehen taldearen azken igoera 22-23 denboraldian. Taldea desagertzear zegoenean hartu eta berregitea lortu genuen. Kirol mailan ez zen onena, baina egoera oso konplexuak gaindituz funtzionatu genuen: instalazioetako greba, lesioz betetako taldea, Urnietatik kanpo hainbat partida jokatzea...". Era berean, maitasun bereziz gogoratzen du 2004an lehen taldearekin lortu zuen igoera.

Era berean, hainbat urtetan egindako taldeen aurkezpenei balioa ematen die: "polita zen jokalari guztiak argazki bakar batean ikustea. Denboraldi amaierako afaria ere bateratu genuen". Halaber, asko baloratzen du zuzendaritza guztien aldetik izan duen babesa: "guztiek nigan konfiantza izan dute, lan egiten utzi didate eta asko lagundu didate", kontatu du.

Une zailei dagokienez, "inoiz onak izan ez diren" maila galerak aipatu ditu. "Jokalarien lesio larriak ere ez dira errazak" eta Urko Antolinen kasua oso presente du: "hanka bat galdu zuen moto istripu batean eta kolpe oso gogorra izan zen". Entrenatzaileren baten galera eta jokalarien martxak ere egokitu zaizkio: "alde egin dutenak goragoko mailetan jokatzeko izan da, baina aipatutako lerroan egiten dugun lan guztiarekin gogorra da".

Emakumezkoen atalak ere buruhausteak eragin dizkio: "Mantentzea lortu dugu, baina asko kostatzen zaigu harrobia behetik lantzea, eta sufritzen jarraitzen dugu taldeak osatzerakoan. Gaur egun futbol eskola daukagu oso jokalari gutxirekin, baina infantil, kadete eta seniorrak ditugu".

Esker ona

Bizi izandako guztiarekin eta klubak Pablorentzat suposatzen duen guztiarekin, ez da erraza izan etapa polit eta zirraragarri honi amaiera emateko erabakia hartzea: "zerbait zurea egin duzunean eta pertenentzia sentimendu hori daukazunean, oso zaila da uztea. Baina garaia da etapa eder bat amaitzen delako, eta lan aldetik zama handia daukadalako, eta horrek ez lidake utziko gauza guztiak niri gustatzen zaidan seriotasunarekin egiten. Oso harro joango naiz egin dudanaz. Pertsonengana iritsi naizela uste dut, maitasun handia jasotzen ari naiz eta horrekin geratzen naiz".

Amaitzeko, esker oneko mezua bidali die bide honetan lagundu dioten guztiei, bereziki familiari: "nire emazteari eta nire alabei, agian gehien utzi dudan alderdia izan baita lan sozial garrantzitsu hau egiteko. Baina ulertu dute eta laguntza handia eskaini didate. Esku asko behar dira honek jarraitzeko. Barandatik ikustea laguntza ematean eraldatu behar da".