Applications imbriquées
TITULUA GOGOETAREN TXOKOA
Gogoetaren txokoa
Gogoetarako txokoa
Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak V
Lau argibide
1. Elkarrizketaren plusa
- Elkarrizketak norberaren egia zabaltzea du xede.
- Entzumen aktiboa sustatzen du; Besteen alde onak aitortzeko gaitasuna eta sentsibilitatea garatzea eskatzen du.
- Norberaren buruarekin zintzo jokatzea eskatzen du.
- Besteengan konfiantza izatea eskatzen du.
2. Enpatiaren plusa
- Gizakiak berez duen gaitasuna da
- Bestearen azalean jartzeak gure jarrera zurrunak alde batera uztea eskatzen du.
- Zintzotasuna eta barne-elkarrizketa (bakarrizketa) sustatzen ditu.
- Afektibotasuna garatzen du.
- Besteekiko atxikimendua ahalbidetzen du.
3. Pazientziaren plusa
- Desafio, zailtasun eta sufrimendu ez-patologikoei “konstruktiboki” aurre egiteko baliabide baliagarria da.
- Prozesu bakoitzak bere denbora behar du eta gatazkak konpontzeko edo zailtasun bat gainditzeko une egokia aurkitzen ikastea bertute bat da.
- Bizitzako edozein esparrutan egin dezakegu porrot pazientzia baliatzen ez badugu.
4. Elkarrizketaren urrezko arauak
- Geure azalpenak epaitu gabe ematea eta entzutea.
- Lehen pertsonan hitz egin
- Erantzun, eztabaidatu edo aurka egin gabe entzutea.
- Besteak ulertu ahal izateko galdetzea, aurka egin erantzun edo eztabaidatu aurretik.
- Alde positiboak azpimarratzea.
- Onena onenarekin lotzea.
- Gatazkaren parte diren guztiek euren emozio, uste eta iritziak azaltzeko aukera izatea.
Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak IV
Zailtasunak. Ohiko hamabi oztopo gatazketan
a) Etiketaren paradigmaren berezko oztopoak
- Etiketak jartzea eta aldez aurretik epaiak egitea. Etiketa erosoa da, Desadostasuna interpretatzea ahalbidetzen digu errua beste norbaiti botata.
- Iraganetik hastea. Etiketatik jokatuz arazoak zailenetik konpontzeko joera izaten dugu; iraganetik.
- Jarrerak soilik kontutan hartzea. Agerian dagoena eta jarrera horren atzean dauen arrazoiak begiratzera eramaten gaitu etiketak.
- Ekintza eta pertsona ez bereiztea.
- Erruduna(k) bilatzea eta ez konponbideak;
- Zailtasunei eta zatitzen gaituen horri erreparatzea.
b) «Arrazoi osoa daukat» paradigmaren berezko oztopoak (dogmatismoa)
- Besteak esateko duena entzun gabe pentsatzea, hitz egitea eta jokatzea. Ez dut behar entzutea arrazoi osoa dudala sentitzen dudalako.
- Guztia edo ezereza bilatzea. Arrazoi dudanaren usteak ez du erdibidekorik ahalbidetzen eta jarrera honek adostasun batera iristeko oztopo larriak sortzen ditu.
- Dogmatismoa biktimismoarekin justifikatzea. Besteek egin diguten minari erreparatzea soilik eta ez guk eragindakoari.
- Etsaiaren irudia eraikitzea. Dogmatismoak gizatasuna kentzen digu eta bestea ez dugu pertsona bezala ikusten.
- Norberaren jarrera gogortu eta “absolutizatzea”. Hau da ez duen zerbaiti erabateko garrantzia ematea eta zerbait absolutua bihurtzea.
- Helburuak bitartekoak justifikatzen dituela sinestea, giza duintasuna kontutan ez izatea alegia.
Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak III
Komunikazio eraginkorraren garrantzia
Gatazka egoera batean komunikazio egokia gauzatzeak konponbidea lortzeko bidea erabat errazten du. Aldeek zer esaten duten (ideiak, pentsamenduak emozioak…), nola esaten duten (lengoaia, fisionomia, ahotsaren tonua..) eta zertarako esaten duten (helburuak, espektatibak, nahiak…) identifikatzea eta aztertzea garrantzitsua da egoera modu eraginkor batean bideratu ahal izateko.
Komunikazioa ikuspuntu sistemiko batetik ulertu behar dugu, guk geuk egiten edo esaten dugun horrek, norberarengan, besteengan edo testuinguruan eragiten duelako. Nahiz eta gatazka egoera batean, komunikazio prozesua, ehuneko ehunean gure esku ez dagoen, gugan aldaketa positiboa ahalbidetzeko erantzukizun pertsonalean jarri behar dugu fokua. Besteek, gatazka egoera bati nola egiten dioten aurre gure kontrolpetik kanpo dago, baina, zer egin dezakegu guk gatazka egoera baten aurrean? Nola ahalbidetu ditzakegu konponbiderako aukerak?
Hona hemen oinarrizko lau irizpide komunikazio eraginkorrerako:
- Hitz egiterakoan, nire ideiak, sentimendua, iritziak, balioak eta abar adierazten ditut.
- Adierazi edo esan dudan hori ulertua izan dela baieztatzen dut.
- Beste pertsonak esateko edo adierazteko duena modu aktiboan entzuten dut.
- Ulertu dudala baieztatzen diot.
Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak II
Nire burua ulertzea
Aurrena, beharrezkoa da geure buruak ulertzea. Elkarrizketaren aurretiazko baldintza da norberarekiko zintzotasuna, arbitrarioa ez den elkarrizketan laguntzeko.
Kontuan izan ezinezkoa dela ez komunikatzea. Izan ere, hitzek eragin oso txikia dute (% 7) hitzik gabeko komunikazioarekin alderatuta (% 55). Horregatik, gure mezua hitzez adierazten jakin baino lehen, oso garrantzitsua da gure gorputzarekin zer komunikatzen ari garen jakitea, keinuak, jantziak, ahots-tonua… Izan ere, baliteke baldintzatzaile batzuek (adibidez, gaizki lo egin izana) besteekiko komunikazioan eragina izatea. Baliteke, gure izaeragatik, besteengandik urruntzen gaituzten keinuekin (autoritate-keinu batzuk eskuekin, adibidez) adierazteko joera izatea, ohartu gabe.
Horrez gain, inoiz sakondu ez ditugun eta elkar ulertzea mugatu dezaketen jarrera eta sinesmenekin jarduten dugu batzuetan.
Barne-informazioa infinitua eta dinamikoa da. Gu mugatuak gara. Ez dugu jakingo dena geure buruaz, baina, adi egon gaitezke geure barrua entzun eta ulertzeko; barne-irratiaren diala piztuta edukiz.
Auto-ulermen horretan sakontzeko oinarrizko bi irizpide baliozkotzea eta zintzotasuna dira:
- Baliozkotu. Geure buruarekin atseginak eta permisiboak izatea. Sentitzen eta pentsatzen dugun guztia ondo dago. Oraingoz ulertzen ez dugunak edo desatsegina iruditzen zaigunak ere badu bere izateko arrazoia, bere funtzioa.
- Zintzotasuna. Baliozkotzeak bidea ematen digu sakontzen joateko, zergatiak galdetuz eta zintzotasunez erantzunez, ez baitugu gezurrik esateko beharrik.
Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak I
Zer da gatazka?
Bi alderen edo gehiagoren artean premia, helburu, interes edo ikuspegi kontrajarriak izatean ematen da gatazka. Kudeaketaren arabera, emaitza eraikitzailea edo suntsitzailea izango da.
Bizitzaren funtsezko osagaia da gatazka. Izaki sozialak garen heinean hertsiki lotua dago gure bizitzari eta geure harremanei. Gatazka hitzak konnotazio negatiboak izaten ditu gehienetan baina berez ez du zertan horrela izan behar, betiere ikaskuntza prozesu moduan ulertzen badugu. Gatazka egoerekin egiten dugu aurrera edo atzera, krisialdi uneak dira, aldaketa eta garapena sustatzen duten abaguneak alegia. Horrek ez du esan nahi zailtasunez beteriko bidea ez denik, baina ikuspuntu eraikitzaile batetik jardunez gero, sortzen diren aukerak interesgarriak izan litezke pertsona edo talde moduan garatu eta indartzeko.
Gatazka baten aurrean ez dakigu ondo zein den jarraitu beharreko bidea eta garbi izan behar dugu ordurarte erabiltzen genituen estrategiak askotan ez dutela balio izango. Gainera gatazka egoera bakoitza desberdina izango da eta hortaz konponbidera iritsi arteko prozesuan baliatu beharreko erremintak eta aurrera egiteko hartu behar diren erabakiak ere anitzak izango dira.
Gatazkak emozioz beteriko esperientziak izaten dira, baina batez ere Ikaskuntza eta informazioz beterikoak. Ezagutzen ez genituen baliabideak eta jarrerak aurkitzera eta gaitasun berriak ikastera behartzen gaituzte eta geure mugak gainditzen laguntzen digute.
Honengatik guztiarengatik, garrantzitsua da komunikazioarekin esku-hartzearekin hasi aurretik geure burua aztertzea, eta gatazka egoera baten aurrean nola jokatzen dugun kontziente izatea; gatazka bat kudeatzerakoan zeintzuk diren gure indarguneak eta zer hobetu dezakegun ezagutzea alegia.
Bizikidetza dokumentazioa