Applications imbriquées
Albisteak
Retour Uxue Lizarazuk 400 euroko saria irabazi du gidabaimeneko azterketa teorikoa euskaraz gainditzeagatik
03·03·2021
Autoeskoletan matrikulatzen diren ikasleek B1 gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikastea eta azterketa ere euskaraz egitea bultzatu asmoz Buruntzaldeko sei udalek (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) egitasmo bat aurrera daramate azken urteetan eskualdeko autoeskolekin lankidetzan. Egitasmo horren helburua euskara sustatzea da.
Aipatu azterketa gainditzen duten herritarren artean 400 euroko sariak zozketatzen dira herri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua aintzat hartuta. Urnietaren kasuan autoeskola bakarra dagoela kontuan izanda, sari bakarra zozketatu da. Dena den, zozketan sartu dira azterketa gainditu duten urnietar guztiak, nahiz eta Urnietako autoeskola batean matrikulatuta ez egon. Hau da, eskualdeko edozein autoeskolatan matrikulatuta egon diren urnietarrek saria irabazteko aukera izan dute.
2020an azterketa euskaraz gainditu zuten herritarren artean, Urnietako Solozabal autoeskolako ikasle izandako Uxue Lizarazuk irabazi du zozketa, eta hortaz, bera izan da pertsona saritua.