Applications imbriquées
Agrégateur de contenus
Urnietan azken egunetan izandako positiboen gorakada nabarmenaren aurrean zuhurtzia eta erantzukizuna eskatzen dira
16·04·2021
Urnietako egoera epidemiologikoa gero eta kezkagarriagoa bihurtzen ari da, kutsatze kopuruak nabarmen egin baitu gora azken egunetan. 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 128,85ekoa zen apirilaren 6an, Aste Santuko jaiegunen ostean, baina Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian argitaratu duen azken txostenean ikus daitekeenez, tasa hori 418,75era igo da.
Ebazpen ofizialak astelehenetan
Beraz, oraintxe bertan Urnieta eremu gorrian dago, zerrenda horrek ezartzen duen muga 400ekoa baita. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko udalerriei buruz argitaratzen dituen ebazpen ofizialak astelehenetan argitaratzen dira. Beraz, egun horretan Urnietak 400 baino gehiagoko tasa izaten jarraitzen badu, dagozkion neurri murriztaileak asteartean sartuko lirateke indarrean. Azken egunetako datuen bilakaera ikusita, badirudi egoera hori gertatuko dela, eta, hortaz, udalak zuhurtzia eta erantzukizun osoa eskatzen die herritarrei, egoerak okerrera egin ez dezan.
Murrizketak
Era berean, Urnietak eremu gorrian jarraituz gero asteartean aplikatuko liratekeen murrizketarik garrantzitsuenak zeintzuk izango liratekeen gogorarazten da:
- Udalerriaren itxiera perimetrala. Salbuespen bakarrak udalerri mugakidera joatea izango lirateke, erosketak egiteko eta jarduera fisikoa aire zabalean egiteko, eta justifikatutako arrazoiak, hala nola lanera, ikastera, medikuarengana edo mendeko pertsona bat zaintzera joatea.
- Ostalaritzako ordutegiak establezimenduaren barruan: 6:30etik 9:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin izango zaie arreta eman bezeroei.
- Ostalaritza-aforoak: %50 barrualdean eta %100 terrazan. Pertsona guztiek eserita egon behar dute, eta ezin da barran kontsumitu. Mahaiak ezin dira elkartu, eta gutxienez metro eta erdi egon behar dira mahaien artean, eta gehienez ere lau pertsona.
- Barruko eremuetan kirol-jarduera oro egiteak, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketei eragiten diena izan ezik, ez du 4 laguneko taldea gaindituko. Horrek esan nahi du eskola-kirola lau pertsonako taldeetan egin beharko dela, ingurune itxietan entrenatzen badute.
- Kirol-instalazio mota guztietako aldagelak eta dutxak ixtea.
Bestalde, etxeratze-aginduak indarrean jarraitzen du gaueko 22:00etatik goizeko 6:00etara, eta espazio publikoetan gehienez ere 4 pertsona elkartzeko mugak ere bere horretan jarraitzen du.