Applications imbriquées
Albisteak
Retour Urnietako baso, mendi eta zuhaitzak zaintzeko proposamenak burutu dituzte herriko ikasleek
16·06·2021
“Eskolako Agenda 2030” programan parte hartu duten Urnietako ikastetxeetako ikasle ordezkariek urtean zehar egindako lana aurkeztu zioten Udalari, eta baso, mendi eta zuhaitzak zaintzeko proposamenak egin zizkioten ekainaren 10ean online ospatu zen Udalbatzarrean. Jorge Segurado alkateak zoriondu egin zituen ikasleak buruturiko lan guztiarengatik, eta era berean, eskerrak eman zizkien gauzaturiko proposamenengatik, guztion ekarpen eta inplikazioarekin herriak jasangarritasunerantz pausoak ematen jarraitzea errazagoa izango dela azpimarratuz.
Berritasuna
Artelatz Ingurumen Zerbitzuaren eskutik herriko ikastetxeetan garatzen den programa honen helburua eskola komunitateak ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, herritar bezala hausnartzera eta parte hartzera bultzatuz. Aurten gainera, berrikutza batekin etorri da programa, izan ere, azken urteetan landuriko Eskolako Agenda 21 programa Eskolako Agenda 2030ean bihurtu baita. Agenda berri hau, Nazio Batuetako Erakundeek adosturiko garapen jasangarrirako 17 helburuetan oinarritzen da, eta horien harira gauzatu da lanketa ikastetxeetan.
Aurten egindakoari dagokionez, 15. helburua izan dute abiapuntua: lehorreko ekosistemetako bizia, hain zuzen. Helburu oso zabala izanik, basoen inguruan zentratu dira. Hasieran, gaia ezagutzeko motibazio jarduera desberdinak burutu zituzten ikasleek; hala nola, bideo, ipuin eta jolasen bidez gaira gerturatu, hausnarketak burutu, galdetegiak egin, eta ikastola inguruko eremu berdeak aztertu. Halaber, basoak ernatzen proiektuaren barruan ezkurrak bildu eta modu desberdinetan ereiten saiatu ziren, eta gero, haritz landareak landatu zituzten.
Urnietako egoeraren diagnostikoa egiteko zenbait irteera gauzatu dituzte, besteak beste, Berrasoeta parkera, Fatima ermitaren ingurura eta Adarra mendira. Horrela, zuhaitz desberdinak aztertzeko eta identifikatzeko aukera izan zuten, baita, urtaro bakoitzean itxura nola aldatzen duten ikustekoa ere.
Ikasleen foroa
Ikastetxe guztiek ikasturtean zehar egindako lanketa ikasleen foroan partekatu zuten eta zenbait ondorio atera zituzten. Esate baterako, naturari dagokionean Urnieta oso gune aberatsa dela eta ibilbide zoragarriak dituela. Bestalde, hobetzeko gauzen atalean, eremuak hobeto ezagutzera emateko saiakera egitea eta gune berdeak hobeto zaindu beharra ondorioztatu zuten.
Hobekuntza horiek aurrera eramateko proposamenak gauzatu zituzten Udalbatzarrean eta alkateak kontuan edukitzeko eta herriko basoak eta eremu berdeak zaintzeko konpromezua adierazi zuen.