Applications imbriquées
Albisteak
Retour Urnieta.eus, webgune erabilerrazagoa, intuitiboagoa eta funtzionalagoa
11·01·2021
Urnietako Udalak bere webgunea berritu eta eguneratu du, beharrizan berriei erantzuteko tresna eskuragarriagoa, intuitiboagoa eta funtzionalagoa sortuz. Horren bidez, ahalik eta ondoen informatuta eduki nahi ditu urnietarrak, Udala zer den eta zer egiten duen ezagutarazi nahi du, erakundearekiko komunikazioa erraztu nahi du eta online izapideak sinplifikatu nahi ditu.
Webgune berriarekin era guztietako kudeaketak egin ahal izango dira: Udalaren organigrama kontsultatu, dokumentazioa tramitatu, azken berriak eta kultur agenda ikusi, kiroldegirako hitzordua hartu, Legegintzaldi Plana berrikusi, ekarpenak eta iradokizunak egin, diru-laguntzak aztertu, lan eskaintzak ezagutu eta garatzen diren parte-hartze prozesuetan parte hartu, besteak beste. Hori guztia ahalik modurik argienean, izan ere, lehen sakabanatuago zegoen informazioa berrantolatzen saiatu da, eta, horrela, herritarrek nahi dutena aurkitu ahal izango dute modu errazago eta azkarrago batean.
Tramitelak online
Alde nagusietako bat da zerbitzu telematikoen atala nabarmen hobetu dela. Bost atal sortu dira orri nagusian, herritarrek eskura izan ditzaten webgunera sartu bezain pronto: Udal tramiteak, ordainketak online, kontratatzailearen profila, herritarren postontzia eta iragarki-taula, diru-laguntzekin eta lan-eskaintzekin batera. Horietako bakoitzean, egin daitezkeen kudeaketei buruzko informazio guztia eskaintzen da, bai eta egin beharreko izapideak egiteko behar den dokumentazioa deskargatzeko aukera ere.
Leiho berriak ere ireki dira, hala nola "Zure zerbitzura", non herriko alkatearekin hitzordua jartzeko aukera dagoen. Gizarte zerbitzuetako edo hirigintzako sailarekin ere gauza bera egin daiteke.
Bestalde, gardentasunak Urnietako Udalarentzako oinarri nagusietako bat izaten jarraitzen du. Hala, atal propio bat mantentzen zaio, eta halaber, hilero aurrekontuaren gauzapena argitaratzen jarraituko da, herritarrek jarraipena egin ahal izan dezaten.
Udalerriaren historiari eta ondareari buruzko informazio guztia erakusteko gune bat ere badago. Herriko ostalaritza eta gastronomia eskaintza ere zehazten da bertan, eta herriko bizitzarako funtsezko lana egiten duten elkarte ugarien berri ere ematen da, atalka banatuta.
Hobekuntza gehiago etorriko dira
Udalak dituen komunikazio-tresnak hobetzeko beste urrats bat eman da eguneratze honekin: APP, Facebook, Twitter eta Youtube. Nolanahi ere, web-orriaren aldaketa hau abiapuntua baino ez da, etengabe eguneratzen eta hobetzen joango den tresna bizia izango baita. Udala pozik dago egindako lanarekin eta urnietarrak web orria kontsultatzera eta udal bizitzan aktiboki parte hartzera animatzen ditu.