Applications imbriquées
Albisteak
Retour Udalak zuzeneko okupazioaren espedientea hasi du Egapeko DBH-ko eraikina egiteko erabiliko diren lursailak lortzeko
16·03·2021
Urnietako Udalak lehentasunez lanean jarraitzen du Egapeko DBH-ko eraikina ahalik eta lasterren gauzatzeko, Jorge Segurado alkateak adierazi duenez. Alkateak azaldu du, gune berria eraikiko den lursailak zuzeneko okupazioaren bidez lortzeko espedientea hasi berri dutela, "zuzeneko okupazioa lurrak eskuratzeko modurik azkarrena eta eraginkorrena baita". Hala, "prozesuak norabide egokian aurrera egiten jarraitzen du".
Seguradok gogorarazi du, bide luze baten ostean Babiloniko Plan Partziala 2020ko abenduan onartu zela, eta azpimarratu du, Udalak kanpoko enpresa batekin lan egin duela ordutik, espedienteari hasiera emateko behar zen dokumentazio guztia ahalik eta azkarren prestatzeko, “tramitazioa ahalik eta bizkorrena izan dadin".
Lurrak Hezkuntzari lagatzea
Espedientea bete ondoren, lurrak eskuratuko dira, eta, horretarako, akta bat sinatu beharko da lurren jabeekin. Horrela, jabe horiek lursailak aldez aurretik lagako dituzte, baina berauen eskubide guztiak eta aprobetxamendua mantentzen jarraituko dute, eremuaren etorkizuneko garapenari begira.
Lursailak eskuratu ondoren, Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagako dizkio, proiektua eta eraikuntza gauzatu ditzan. Horretarako, proiektuaren pleguak egin berri ditu. Plegu horietan, proiektuaren ezaugarriak jaso dira, eta baita, Egape ikastolak jakinarazitako beharrak ere. Baldintza agiri horiek oinarri hartuta, proiektua lehiaketara atera da, eta hautatutako enpresa arduratuko da idazteaz. Idazketa amaitu ondoren, beste agiri bat egingo da, kasu honetan obrarako, eta lehiaketaren barruan hautatutako enpresari esleituko zaio. Gero, azken urratsa iritsiko da, obraren hasiera, hain zuzen.
Hirigintza prozesu konplexua
Seguradok azaldu duenez, eraikin berria eraikitakoan, Egapek Eskola Campusa izango du, eta haur, lehen eta bigarren hezkuntzako eraikinak inguru berean izango ditu: "proiektu hau lehentasunezko helburua izan da Udalarentzat urte hauetan guztietan, izan ere, guretzat ezinbestekoa da herriko haurrek instalazio egoki batzuk izatea, beren behar guztiei erantzuteko eta kalitatezko hezkuntza publikoa jasotzeko baliabide egokiak edukitzeko".
Amaitzeko, Seguradok esan du helburu horrekin lan handia egin dutela, eta horrela jarraituko dutela proiektua gauzatu arte.