Applications imbriquées
Albisteak
Retour Trafiko mozketak Etxebarri auzoan datorren astean euri-urak bideratzeko lanak egiteko
02·02·2024
- Errepideko lanek astebete inguru iraungo dutela aurreikusten da, otsailaren 5ean, astelehena, hasi eta aste bereko ostiralerako amaitzeko.
Aste honetan, Urnietako Udalak hainbat obra hasi ditu Etxeberri auzoan, inguru horretako euri-uren kudeaketa hobetzeko. Lan horiei esker, euri-urak zuzenean hurbileko errekara bideratuko dira modu eraginkorrean, uholde posibleak murrizteko eta hiri-drainatzearen sistema hobetzeko.
Azken egunetan, langileak buru-belarri aritu dira lanean plazako garajeko arrapalan. Obraren hurrengo fasea datorren astean egingo da, eta errepide nagusia gurutzatuko da bertan. Etapa honetan errei bat itxiko da; beraz, gidariei arretaz zirkulatzeko eta seinaleak errespetatzeko eskatzen zaie.
Eragozpenak gutxitzeko eta bide-segurtasuna bermatzeko, Ermotegiko biribilgunean seinaleak jarriko dira astelehenetik aurrera, zirkulazioa etengo dela ohartarazteko. Etxeberri plazako 2. zenbakira arte sartu ahal izango dira ibilgailuak, baina puntu horretatik harago ez. Hala ere, Ermotegirako errepidea BM supermerkatuaren aurreko biribilgunetik irekita egongo da.
Errepideko lanek astebete inguru iraungo dutela aurreikusten da, otsailaren 5ean, astelehena, hasi eta aste bereko ostiralerako amaitzeko. Udalak barkamena eskatu du obra horiek eragin ditzaketen eragozpenengatik, eta eskerrak eman dizkie herritarrei ulermenagatik eta laguntzagatik.