Saut au contenu

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [fr]

Barruko horrien irudia

Applications imbriquées

Agrégateur de contenus

Maria Rosario Tomasena: “proba honetan nire gaitasunen mugara iritsi naiz, %100 emanda”

.

08·09·2023


Historia egin du Txaro Tomasena 77 urteko urnietarrak Gibraltarko itsas-zeharkaldia neoprenoarekin igerian egin duen pertsona edadetuena bilakatuz. 6 ordu eta 23 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Modu honetan bere lorpenen zerrenda luzea handitu du. Gainera, egun batzuk lehenago erorketa bat izan ostean, eta zeharkaldiaren erdia baimendu gabe dauden baldintzetan burututa gauzatu zuen balentria.

Nola bizitu zenuen itsas-zeharkaldia?
10 egun ematen dituzte zeharkaldia egiteko eta baldintza jakin batzuk egon behar dira proba hasi ahal izateko. Haizearen abiadura 10 korapilotik gorakoa bada ez dute baimenik ematen igeri egiteko. Haizea nondik datorren ere oso garrantzitsua da. Mediterraneotik Atlantiko aldera badator ukatuta dago igeri egitea. Nik uztailaren 15etik 25erako tartea nuen eta 18an egin nuen igeri, pentsatzen zutelako baldintza horiek beteko zirela, baina denetik gertatu zitzaidan: korronteak trabeska, haizea 10 korapiloraino igo zen… probaren erdia ukatuta dagoen baldintzetan egin nuen. Esperientzia ikaragarria izan da.

Meritu handia du lorpenak eta baldintza horietan are eta gehiago.
Askoz gehiago. Niri nola nagoen galdetzen didate eta zeruan nagoela erantzuten dut. Nik banekien zaila izango zela, baina horrelako baldintzak gainditu izana oso pozgarria da. Gainera egun batzuk lehenago erorketa bat izan nuen.

Zer gertatu zitzaizun?
Tarifara joan baino 4 egun lehenago, entrenamendutik bueltan neoprenoa kentzen ari nintzela erori egin nintzen eta sekulako kolpea hartu nuen atearen eta berogailuaren kontra. Esku ingurua puztuta eta beltz-beltza jarri zitzaidan. Larrialdietara joan nintzen, plakak egin zizkidaten eta behintzat ez nuen ezer apurtu. Hurrengo egunean Gasteizera joan nintzen Mikel Sanchezen taldearen kontsultara. Han ere proba mordoa egin zizkidaten eta ikusi zen kolpe handi bat besterik ez zela, nahiz eta min handia nuen. Bidaia egin aurreko 3 egun horietan tratamendua jaso nuen eta igeriketan egin behar den mugimendua egin ahal izatea lortu nuen.

Zein izan zen probaren unerik gogorrena?
Azken ordu erdia izan zen gogorrena. Proba azkar egin behar da, izan ere, ez baduzu orduko 3.000 metroko abiadura eramaten ezin zara beste aldera iritsi, korronteek jan egiten zaituztelako, batez ere kostaldekoek. Itsas gora-beherak izaten dira 6 ordutik 6 ordura. Zu irteten zara marea egokia den momentuan eta 6 ordu dituzu ibilbidea egiteko. Proba honetan nire gaitasunen mugara iritsi naiz, %100 emanda.

Zuk 6 orduko muga hori gainditu zenuen.
5 ordu eta 50 minutu neramatzanean 100 metrora nengoen, Ciresko lurpunta esaten denean. Nik igeri eta igeri egiten nuen, baina ez nuen lortzen iristea korrontearengatik, Mediterraneoruntz bultzatzen ninduelako. Ezin nuenez aurrera egin bigarren puntara desbideratu ninduten beste 1,1 kilometro gehiago eginez. Azkenean ahalegin handiarekin eta entrenatzailearen  animoei esker iritsi nintzen. 

Horrelako ahalegin baten ostean lehertuta iritsiko zinen.
Nire bizitzan ez dut egin horrelako lan trinkorik horrenbeste minututan jarraian. Mendian ere mugako momentuak bizi izan ditut, baina 2,  3 edo 4 minutukoak. Gibraltarren, ordea, denbora larria luzeagoa izan zen. Pentsatu, Dalia Morrun lurra ukitu eta segidan, botaka hasi nintzen. 

Burutik gauza asko pasa zitzaizkizun ibilbidean zehar?
Oso entretenituta egon nintzen ibilbide osoan. Itsasoko korrenteak aurka izan nituen hasieratik. Izokin bat izatearen sentsazioa nuen olatuen artean, 49 kilorekin egin nuen zeharkaldia. Sortu ziren arazo guztiekin, eta gainditu behar izan nituen egoerekin oso entretenituta joan nintzen. Proba erdian ondo nindoala ikusteko geratu nintzen, baina gainerakoan ia ezer jan eta edan gabe joan nintzen, proba amaitzeko ezinbestekoa zelako denbora aprobetxatzea.

Horrelako erronka bat gauzatzeko prestaketa lan gogorra egongo da atzean ezta?
9 hilabete egon naiz horretarako bakarrik prestatzen. Nik proba desberdinetan eta triatloietan parte hartzen dut, baina honek entrenamendu berezia eskatzen zuen. Entrenamendu hauek apartekoak izan dira gogortasunarengatik eta exigentziarengatik. Asteko 7 egunetik 6 entrenatzen nituen gaitasun hauek lantzen: indarra, erresistentzia, abiadura eta gaitasunak itsasoan.

Nolako entrenamenduak egiten zenituen?
Nik normalean 3.000 metro entrenatzen nituen egunean eta pixkanaka igotzen hasi nintzen. Otsailean 5.000 metro ziren eguneko. Astean 30 kilometro egiten nituen eta nire entrenatzaileak egindako lana baloratzean ondo nindoala esaten zidan. Itsasoan ekainaren 1ean hasi nintzen, bertako tenperaturara ere egokitu behar delako gorputza. Eta hor distantziari erreparatu gabe orduak igarotzen nituen itsasoan, hiru ordu eta lau ordu bitartean.

Oihartzun handia izan du lorpenak.
Elkarrizketa asko egin dizkidate, baina ilusio gehiena Santurtziko Udaletik jasotako deiak egin dit. Hitzaldi bat egitea proposatu zidaten beraien kultur aretoan adineko biztanleak gonbidatzeko eta edadeko kirolari baten jarrerari buruz hitz egiteko. Oso gustura joango naiz. Gauzak lortzeko oztopoak gainditu behar dira eta hor dago gakoa, sortzen diren arazoei irtenbidea topatzea.

Oroigarriren bat emango zizuten ezta?
Titulua eta mapa bat eman zizkidaten. Mapa oso polita da, izan ere, grafikoki erakusten du zein izan zen nire traiektu guztia. 

Erronkak atsegin dituen emakumea izanik ziur baduzula zerbait buruan.
Lanzarote eta Fuerteventura artean badago La Bocaina izeneko zeharkaldi bat, 15 kilometrokoa, eta hori egingo dut hurrengo urteko urrian. Parte hartzeko hitz egiten ari naiz La Bocainako zuzendariarekin. Beraz, helburu horri begira hasiko naiz entrenantzen irailean. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Agrégateur de contenus

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

Agenda kulturala

AGENDA