Saut au contenu

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [fr]

Barruko horrien irudia

Applications imbriquées

Albisteak

Retour Juanjo Arregi: “partidaz gozatzeko eta eliteko futboletik erretiratzen naizela esateko zirkulu ezin hobea zen”

.

03·01·2023


Juanjo Arregik Euskal Selekzioko entrenatzaile kargua utzi zuen abenduaren 20an Txileri 3 eta 0 irabazi ostean eta kargua bi aste lehenago onartu ondoren. Mundu guztia ustekabean harrapatu zuen erabakia izan zen. Horrela, Arregik maila goreneko aulkiak utziko ditu ibilbide garrantzitsu bat egin eta gero.

Partida amaitu ondoren iragarri zenuen hautatzaile izateari uko egiten zeniola. Zergatik hartu zenuen erabaki hori bi aste lehenago kargua onartu ondoren?

Partidaren aurreko bizikidetzak eta lanean aritu ginen bi aste eta erdiek erakutsi zidaten erretiroa hartzeko unean nengoela nolabait esatearren. Nirekin batera talde teknikoa osatzen zuten pertsonak izen handiko futbol jokalari ohiak ziren (Ainhoa Tirapu, Sandra Ramajo eta June Mendizabal), ezagutza handikoak eta oso eguneratuak, eta inertzia pasatzen denean baztertzen jakin behar da, horrelako prestakuntza duten gazteek erabateko erantzukizuna har dezaten. Partidaz gozatzeko eta eliteko futboletik erretiratzen naizela esateko zirkulu ezin hobea zen.

Ustekabeko albistea izan zen, ez al dago beste arrazoirik?

Ez, hori da errealitatea. Urte asko neramatzan elitean entrenatu gabe, 2017tik, Realetik joan nintzenetik, eta ikusten duzu aldaketa izugarria izan dela. Ebidentziak hain argiak direnean, bidea libre utzi behar da. Horrela, ziklo garrantzitsu bat ixten da.

Bestalde, azpimarratu nahi dut Federazioak izugarri ondo tratatu nauela. Ni Euskal Selekzioarekin egon naiz 12 urtez azpikoetan, 16 urtez azpikoetan eta 18 urtez azpikoetan eta baita talde nagusian ere. Esan daiteke federazioko gizon bat naizela, eta entrenatzea ez den beste zerbaitetarako behar banaute, eskatzen didatenera joko dut.

Nola bizi izan zenuen Txileren aurkako partida? Ohorea izan behar du zure herrialdeko selekzioa zuzentzeak.

Bi kontu garrantzitsu zeuden. Batetik, ofizialtasuna, eta, bestetik, emakumearen ikusgarritasuna. Horregatik bakarrik antolatu behar da partida urtero ditugun zailtasunekin. 81. minutura arte urduri egon nintzen erantzukizun handia duzulako. Oso lan serioa egiten saiatu ginen eta zorionez planteatu genuen guztia ondo atera zen, partida ona jokatu genuen eta aise irabazi genuen.

Txilek Munduko Kopa bat jokatu du jada eta hurrengoa jokatzeko aukerak ditu.

Txile Zeelanda Berriko Munduko Txapelketarako errepeska jokatzen ari da, beraz, selekzio adierazgarria da. Gainera, kontuan izan behar da Nahikari Garcia, Irene Paredes, Damaris Egurrola eta Maite Oroz Champions jokatzen ari zirela eta ezin izan zirela etorri. Jokalari hauek eta lesionatuta zeuden beste batzuk batuz gero, pentsa zein selekzio izango genukeen. Jokalari hauek elite absolutua dira. Ziur nago Euskal Selekzioa Eurokopa eta Munduko Txapelketa baterako sailkatuko litzatekeela.

Zure ibilbideari dagokionez, ibilbide oparoa izan duzu goi mailako taldeak entrenatuta.

Urnietan hasi nintzen, eta eskolan, haurrak, gazteak eta nagusiak entrenatu nituen. Oso oroitzapen onak ditut. Gero progresioa pixkanaka joan zen. Oso pozik nago buruturiko ibilbideaz. Añorga, Reala edo Euskal Selekzioa bezalako taldeak entrenatzeko zortea izan dut.

Nola gogoratzen dituzu fase horiek? Añorgarekin lehen mailara igotzeko zorian egon zinen.

Gure zonaldean lehen postuan sailkatu ginen eta igoera fasea Madrilen jokatu genuen, baina irabazi egin ziguten. Oso urte polita izan zen eta asko gozatu genuen.

Realean ere egon zinen, Gipuzkoako talde erreferentean, nola bizi izan zenuen etapa hura?

Etapa alaia eta tristea izan zen aldi berean. Hasieran oso motibagarria, baina niretzat tragedia bat izan zen, gauzak ez zirelako ondo atera. Futbola horrelakoa da. Nik dena jarri nuen nire aldetik, baina baloia ez bada sartzen izorratuta zaude, eta hori inork menderatzen ez duen legea da. Oso pozik geratu nintzen Realarekin, baina tristura eman zidan pixka bat gehiago ez jarraitzeak.

Gainera, entrenatzaile ibilbideko hainbat fase partekatu dituzu Nahikari Garcia urnietarrarekin. Ez da erraza herri bereko bi pertsona elitean elkartzea.

Oso polita izan zen une horiek Nahikarirekin partekatzea. Gurekin egin zuen debuta Añorgan. 14-15 urte izango zituen. Bigarren mailan geunden, eta nik bigarren zatietan ateratzen nuen bera babesten saiatzeko, aurkariak nekatuago zeudenean, harik eta egun batean nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan arte. Gehiago jokatu nahi zuela esan zidan, eta pixkanaka protagonismo handiagoa izan zuen. Hor ikusten da bere izaera, dagoen lekuraino eraman duen izaera hain zuzen, bere ezaugarri fisiko eta teknikoei lotuta noski.

Gizonezkoen taldeak zuzentzen hasi zinen eta emakumezkoekin amaitu duzu.

Futbola futbola da. Gainera, emakumezkoen futbolak bilakaera izugarria izan du abiaduran, prestakuntza fisikoan eta zaintzan. Profesionalak dira eta jokoa eta kontzeptuak oso azkar integratzen dituzte.

Nola definitzen duzu zeure burua entrenatzaile gisa? Pentsatzen dut Urnietan lehen urratsak eman zituen Juanjo ez dela Euskal Selekzioaren ardura izan duen bera izango.

Oso langilea, ordu asko sartzekoa, baina ez elitean bakarrik, baita beste talde guztiekin ere. Ni ez naiz inoiz entrenamendu batera joan egingo dena zehazten duen orririk gabe. Urte hauetan guztietan ikasten joan naiz. Zortea izan dut jende onaz inguratuta egoteagatik. Ikasi ditudan ezagupenen eta bizi izan ditudan esperientzien bidez, pixka bat aldatzen joan naiz. Ni ez naiz asko gordetzekoa izan, beti saiatu naiz dakidan guztia irakasten.

Entrenatzaile eta hautatzaile lana oso desberdina da?

Talde bat eramanez, egunerokoa bizi duzu. Hautatzailea izanik, aldiz, jokalariak kontrolatu behar dituzu eta kilometro asko egin behar dira partidak ikusteko.

Izan duzun ibilbideari esker esperientzia asko bizi izan dituzu, zein momenturekin geratzen zara?

Urnietako hasierarekin, Añorgaren denboraldiarekin eta Gabon batzuetan Katalunian Euskadirekin jokatu genuen partidarekin. Sekulako berengenala prestatu zuten. Neskak jokatu genuen lehenengo eta mutilak gero. Guk Mini Estadin eta haiek Camp Noun. Etxarrik eta biok astebete lehenago joan behar izan genuen aurkezpenera. Gauza handia izan zen, bi partidak irabazi genituen eta oso pozgarria izan zen.

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA