Applications imbriquées
Agrégateur de contenus
Jorge Segurado: “lan ildo berarekin jarraituko dugu eta helburua ez da aldatuko, Urnietaren alde zintzotasunez lan egitea”
08·10·2020
Jorge Seguradok hartuko du Urnietako alkatetza, Mikel Pagola Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari izendatu ondoren. Seguradok talde bera izaten jarraituko du, eta helburuak eta Legegintzaldi Plana ere ez dira aldatuko. Erronkari aurre egiteko prest dagoela, ilusioa duela eta Urnietaren alde lanean jarraitzeko gogoz dagoela adierazi du.
Urnietako alkate kargua hartuko duzu, nola egiten diozu aurre erronkari?
Ilusioz, lan egiteko eta gauzak ondo egiteko gogoz. Badakit erantzukizun izugarria dela, baina nire inguruan talde bikaina daukat, maila politikoan zein teknikoan, eta ziur nago Urnietaren garapenean laguntzen jarrai dezakegula. Koronabirusak baldintzatuta, egoera ezohiko eta zail batean gaude, eta horrek arlo sozialean arreta berezia jartzera behartzen gaitu, baina hala ere, gure Legegintzaldi Plana aurrera eramaten saiatuko gara.
Nola eta zergatik gertatzen da aldaketa?
Gure alderdiak, EAJk, Mikel Pagolak Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari kargua hartzea nahi zuen, eta aldaketa arrazoi horrek eragin du. Pagolak lan handia burutu du urte hauetan guztietan udalean, eta eskaintza hori horren isla da. Bere inplikazio maila, esperientzia eta ezagutza izugarriak dira. Guk bere ondoan egoteko eta ikasteko zortea izan dugu, eta orain, legegintzaldiaren hasieran hasitako bideari jarraipena emango diogu.
Pagolak alkate izateari utziko dio, baina zure ondoan jarraituko du.
Zinegotzi izaten jarraituko du Udalean, eta erantzukizun handiak izango ditu. Taldeko bozeramailea eta Gobernu Batzordeko kide izango da aurrerantzean. Gainera, Luke Goñik, Agurtzane Merkaderrek, Juan Luis Goikoetxeak, Mikel Artolak eta David Roscok gure taldea osatzen jarraituko dute. Euren babes osoa dut, eta horrek indar eta konfiantza handia ematen dit.
Hemendik aurrera zure egunerokoa aldatu egingo da eta egiten duzun guztia lupaz begiratuko da.
Horretaz konsziente naiz eta prest nago. Ni ez naiz aldatuko, betiko Jorge bera izaten jarraituko dut, eta nire ideiak eta helburuak ez dira aldatuko, Urnietarentzat zintzotasunez lan egitea.
Zer ideiarekin zatoz? Indarrean dagoen proiektuari jarraipena eman nahi diozu edo aldaketak egin nahi dituzu?
Mikel eta biok pertsona desberdinak gara eta ñabardura desberdinak ditugu, baina gure programa taldean egin zen, lan bateratu baten bidez, eta hori ez da aldatuko. Beraz, lan ildoak jarraipena izango du, aldatzen den gauza bakarra arduradun nagusia da.
Lau urte baino gehiagoko esperientzia duzu udal-kudeaketan, eta ezagutzen duzu administrazioaren funtzionamendua.
Trantsizioa errazago egiten lagunduko dit horrek zalantzarik gabe. Administrazioak bere arauak eta erritmoak ditu, dena legearen arabera egin behar baita. Orain ezagutza hori guztia daukat.
Lantaldeak kudeatzen ere esperientzia duzu Hirigintza saileko buru izan ondoren.
Urte hauetan proiektu garrantzitsuak kudeatzeko ardura izan dut, Urnietako oraina eta etorkizuna markatzen duten proiektuak. Hala nola, Urrakako igogailua, Eteneta eta San Juan lotzen dituena edo dagoeneko martxan dagoen kiroldegiaren eraberritzea. Prozesuan zehar sortu diren arazo batzuei aurre egin behar izan diegu, baina garrantzitsuena da batzuk jada errealitate bat direla eta besteek erritmo onean aurrera egiten dutela.
Nolakoa da Jorge Segurado ezagutzen ez zaituzten pertsonentzat?
Ia 50 urte dituen Urnietar bat naiz. Hezkuntza arrazoiengatik Burgosen eta Caceresen ikasi nuen zenbait urtez, baina herriarekin oso lotuta egon naiz beti. Nire ezaugarriei dagokienez, pertsona apala, langilea, gertukoa, autoexijentea eta entzuteko eta taldean lan egiteko gaitasuna duena naizela uste dut.
Nola iritsi zinen politikara eta zer egiten zenuen lehenago?
Mikel Pagolak aurreko legegintzaldian zerrendetan sartzea eskaini zidan. Nire aletxoa emateko asmoz sartu nintzen, Urnieta egunetik egunera hobea izan zedin, eta helburu berarekin jarraitzen dut. Nire ibilbide profesionalari dagokionez, aparejadore eta eraikuntzako ingeniari ikasketak egin ondoren, 20 urte baino gehiago eman ditut arlo horretan lanean, batez ere autonomo gisa eta batzuetan enpresetan.
Zer da udal-politikaren gauzarik pozgarriena eta zailena?
Pozgarriena proiektuak aurrera ateratzen direnean eta herria eta herritarren eskura jartzen ditugun baliabideak hobetzen laguntzen duzula ikusten duzunean. Eta zailena giza dramak dira. Jende asko hurbiltzen da egoera zailekin, eta ezin dugu beti nahi adina lagundu, Udalaren baliabideak mugatuak direlako. Oso zaila da hori kudeatzea, eta inpotentzia handia eragiten dizu. Hau, Koronabirusarekin areagotu egin da.
Nahiz eta fisikoki ezinezkoa izan, batuta egoteko unea da eta ez zatituta.
Arduraz jokatu behar dugu, denok elkartuta egonez eta norabide berean lan eginez. Ziur nago denok batera aurrera egingo dugula, baina jakin behar dugu ezinbestekoa dela gutako bakoitzak jokabide egokiak izatea guztion onurarako. Elkartasunarekin lotuta, orain arte bezala herritarrekin batera lan egiteko asmoa dut, gure atea zabalik dago mundu guztiarentzat, eskua luzatuta daukagu eta ekarpen eraikitzaileak ongi etorriak izango dira.
Nolakoa da Urnieta gaur egun eta nolakoa izatea gustatuko litzaizuke legealdia amaitzean?
Nire ustez, Urnieta hazten ari den herri bat da, gero eta herri hobea izateko irrikaz dagoena. Gainera, herritarren aldetik inplikazio handia dago eta herri aktiboa da. Etorkizunerako erronka garrantzitsuak ditugu, hala nola, Egapeko eskola-kanpusa gauzatzeko proiektuak aurrera egitea, etxebizitza berriak eraikitzea, kiroldegia erreformatzen amaitzea, Jubilatuen Egoitza berritzen amaitzea, industria-eremu berri bat garatzea, familiei laguntzea, tokiko ekonomia bultzatzea eta azpiegiturak hobetzea. Era berean, herria dinamizatzen duten elkarte eta klubei laguntzen jarraitzea eta kaleetan euskararen erabilera sustatzen saiatzea izango da gure xedea.