Applications imbriquées
Albisteak
Retour Jarduera ugari Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta
01·03·2023
Martxoaren 8a aldarrikapen eguna da, non emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna eskatzen den. 25 urte baino gehiago igaro dira, Beijineko Adierazpenean eta Ekintza Plataforman, erabakiak hartzerako orduan, gizonen eta emakumeen artean parte-hartze politikoa eta boterearen banaketa orekatua lortzeko nazioarteko akordioa hartu zenetik. Nahiz eta orduz geroztik aurrerakuntzak izan diren, munduko herrialde gehienek ez dute genero berdintasunik lortu, eta gutxi batzuk bakarrik ezarri edo bete dituzte sexuen arteko berdintasunean asmo handiko helburuak.
Emakumeen parte-hartzeak mugatua izaten jarraitzen du alderdi formaletako erabakiak hartzerakoan, besteak beste, politika gaietan, administrazio publikoan, enpresa pribatuetan, unibertsitatean, sindikatuetan, elkarte eta kooperatibetan.
Horrenbestez, lehentasunezkoa da emakumeen lidergoak sustatzea, gobernantza feministaren eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuta. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da. Halaber, emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertu behar da, ez bakarrik ikuspegi formal edo arauemailetik, eta emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatu behar dira.
Urnietako Udalak emakumeen lidergoa bultzatzen jarraituko du, baita boterea berdintasunean gauzatzeko baldintzak sustatzen ere, emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea indartuko duten politikak aurrera eramanez.
Jarduerak
Urtero bezala Urnietako Udalak herritar guztiei irekitako jarduera ugari antolatu ditu martxoaren 8aren aldarrikapenaren baitan.
Bestalde, Egapeko eta Magaleko ikasleentzako ekintza bereziak garatuko dira. Martxoaren 7an Nerea Arriolak eskainiko duen umore bakarrizketa antolatu da 14 urtertik gorako ikasleentzat. Eta martxoaren 8an berriz, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariarekin bi saio gauzatuko dira. Bat Egapeko DBH1-eko ikasleekin eta bestea, Magaleko DBH3-ko ikasleekin.
EMAKUME ERREFERENTEEN INGURUKO MURAL LEHIAKETA
- Eguna: martxoak 8
- Ordua: 17:00
- Lekua: Gaztelekua
Azalpena: Mural lehiaketan parte hartzen duten nerabeek, Gaztelekuan bertan egin eta aurkeztuko dituzte lanak martxoaren 8an 17:00-20:00 bitartean. Ondoren, martxoaren 13ra arte egongo dira aurkezturiko muralak ikusgai Gaztelekuan eta martxoaren 14ean, bozketaren kontaketa egin eta mural irabazlea hautatuko da. Irabazlakk Gazeleku barruko pareta batean bere murala pintatzeko aukera izango du.
Ekimen honen helburua emakume erreferenteen inguruan hausnarketa egin eta ezagutza maila handitzea da.
ELKARRETARATZEA
- Eguna: martxoak 8
- Ordua: 18:00
- Lekua: San Joan plaza
Itxiera musikatua izango da Lourdes Iriondo Musika eskolako Enara Donavera eta Jone Izagirreren eskutik.
UMORE BAKARRIZKETA: NEREA ARRIOLA
- Eguna: martxoak 9
- Ordua;19:00
- Lekua: Sarobe
- Hizkuntza: euskara
- Sarrera: doan, gonbidapenarekin (bibe.me eta Sarobe)
Sinopsia: Nerea Arriola youtuber eta aktore ezagunak eskainiko du “Asterisko” bakarrizketa umoretsua.
Ezin enkajatu gabiltza gure egunerokoan. Asteriskoak al gara? Nortzuk gara? Nola bizi? Umoretik hausnartzen ditu Nerea Arriolak eguneroko abenturak eta desbenbenturak.
ANTZERKIA: LAS QUE LIMPIAN
- Eguna: martxoak 12
- Ordua: 19:00
- Lekua: Sarobe
- Hizkuntza: gaztelania
- Entrada: 5 euro (bibe.me eta Sarobe)
Sinopsia: Kartel bat atearen heldulekutik zintzilik dago. “Logela egin, mesedez”. Hondartzatik itzultzean, oheak eginda, eskuoihal garbiak eta bainua ezin txukunagoa.
Garbitzen dutenak dira. Sistema turistiko prekarizatzailea bere gain hartzen duten ikusezinak dira. Satira utopikoa da, lan-eskubide eta eskubide sozial justuak lortzeko hoteletako gelarien borroka antolatuan oinarritzen dena. Haien aurrean, hotel-kateen jabeen diru-goseak. Bada sekula komunik garbitu ez duena, eta bostehun hilean garbitzen dituena ere.
Komedia garratz eta itxaropentsu honek hoteletako garbitzaileen borroka antolatua aldarrikatzen du, baita turismo-eredu jasangarri bat irudikatzeko beharra ere, lurraldearekiko eta jendearen bizitzarekiko adeitasunezkoa izan behar duena.
TXOKO BEREZIA LIBURUTEGIAN
Urnietako Udal liburutegian gai, egun edo egile jakin batzuei loturiko txoko bereziak sortuko dira zenbait astean behin bertan dagoen eskaintza anitza ezagutzera emateko eta urnietarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.
Emakume zientzialarien gaineko liburuekin eman zitzaion hasiera ekimen berriari otsailean, eta orain berriz, martxoaren 8arekin lotura duten liburuekin osatu da txokoa.