Applications imbriquées
Albisteak
Retour HAPO aldatzeko prozesuaren barruan informazio-jardunaldia
05·12·2023
Urnietako Udala 2014an onartu zen HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzera doa, etxebizitza berrien eta industrialdeen garapena errazteko eta azkartzeko asmoz.
Egungo plan orokorrean esku-hartze orden jakin bat dago zehaztuta garatu beharreko eremu guztietan, eta hori nahitaez bete behar da. Egin nahi den aldaketarekin, ordea, ez da beharrezkoa izango hurrenkera horri jarraitzea.
Etxebizitzen garapena
Urnietak etxebizitza berriak behar ditu gazteentzat eta herriko jendearentzat, eta HAPO aldatzeko erabakiarekin lurzoru urbanizagarrien garapena erraztu nahi da, babes ofizialeko etxebizitza tasatu ugari eraikitzeko. Gauza bera gertatuko da industria-kalifikazioa duten lurzoru urbanizagarriekin.
Era berean, indarrean dagoen HAPOk adierazten du bizitegi-eremu baten urbanizazioa hasi ondoren ezin izango dela beste bizitegi-eremu bat hasi aurreikusitako bizitegi-aprobetxamenduaren % 80 gauzatu arte. Testu berrian puntu hori ere aldatu nahi da ondorengoa ezarriz: ezingo dela beste bizitegi-eremu bat urbanizatzen hasi urbanizazioa hasi den eremuan aurreikusitako bizitegi-eraikigarritasun fisikoaren %40ko eraikuntza-lizentziaren eskaera jaso arte. Horrela, etorkizuneko garapenak azkarrago egin litezke.
Joko-lokalak
Bestalde, joko-aretoei buruzko araudia aldatu nahi da, ikastetxe batetik 500 metro baino gutxiagora dagoen edozein guneri joko-lokalaren jarduera-lizentzia emateko debekua ezarriz.
Aurkezpen publikoa
HAPO aldatzeko Udala gauzatzen ari den prozesuaren barruan, aurkezpen publiko irekia egingo da herritar guztientzat, aldatu nahi diren puntu horien guztien berri emateko modu sakonean. Saio berean, bertaratzen diren pertsonen ekarpenak ere jasoko dira.
Hitzordua abenduaren 11n izango da, 18:30ean, Lekaio kultur etxean.