Applications imbriquées
Albisteak
Retour Gaur gauzaturiko 190 PCR probekin 1.567 egin dira orotara egun hauetan Urnietan
24·10·2020
Covid 19-ak Urnietan izan duen gorakadaren ondorioz, herriko errealitatea hobeto ezagutzeko eta joera negatibo hori aldatzen saiatzeko xedez, PCR probak egin zaizkie 13 eta 40 urte bitarteko herritarrei udal frontoian ostegunaz geroztik. Gaur buruturiko 190 probei osteguneko 481 eta ostiraleko 896 gehituta, orotara 1.567 proba egin dira Urnietan egun hauetan guztietan.
Datuak ikusita argi dago parte hartzea altua izan dela. Gauzak horrela, Jorge Segurado alkateak eskertu nahi izan du herritarrek Udalaren deiari erantzun ona eman izana, izan ere, egun hauetan behin eta berriro azpimarratu duen moduan, funtsezkoa zen deituriko herritarrak proba egitera joatea Urnietako egoeraren ahalik eta argazkirik errealena lortu ahal izateko, eta horren baitan, erabaki egokiak hartzeko. Era berean, nabarmendu du, Covid 19-ari aurre egiteko guztiok batera eta norabide berean lan egitea ezinbestekoa dela. Bestela, herritarren gehiengoak gauzak ondo eginagatik multzo txiki batek bete beharreko neurriak betetzen ez baditu, guztion ongizatea baldintzatzen da, eta beraz, derrigorrezkoa da erantzukizunez jokatzea, une honetan guztion osasunak izan behar baitu lehentasun nagusia.
Proben balorazioa egiteaz gain, Seguradok udal-langileek eta, bereziki, Osakidetzako langileek egun hauetan egindako lana eskertu nahi izan du. Halaber, Osasun Sailak zehaztutako prebentzio-neurriak zorrotz betetzeko beharra berretsi du, bai eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak ere.
- Erabili musukoa uneoro.
- Eskuak maiz garbitu
- 1,5 metroko distantziak errespetatu
- Saihestu pilaketak.
- Berrogeialdiak zorrotz egin.
- Sintomarik izanez gero, deitu Urnietako osasun-zentrora: 943 00 66 80.