Applications imbriquées
Albisteak
Retour Eskolako Agenda 2030 martxan da, goazen denok basora!
26·11·2020
Abiatu berri den 2020-2021 ikasturtean, orain arte ezaguna genuen Eskolako Agenda 21 programa Eskolako Agenda 2030ean bihurtu da. Agenda berri hau, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan oinarritzen da.
Helburu hauek 2015eko irailaren 25ean onartu zituzten NBE osatzen duten 193 herrialdek, nagusiki mundu mailan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko.
Hemendik aurrera, eskoletan egingo den lanketa helburu hauetan oinarrituko da. Aurtengoan, hamabosgarren helburua izango da abiapuntua: lehorreko ekosistemetako bizia. Oso helburu zabala da: “Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea, eta biodibertsitatearen galera gelditzea”. Aurtengoan, zehazki, basoen inguruan egingo da lanketa.
Programa hau Urnietako udalak bultzatzen du eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L.k garatzen du herriko haur hezkuntzako, lehen hezkuntzatko eta bigarren hezkuntzako ikastetxeekin batera. Guztira, adin desberdinetako 1.000 partaide baino gehiago izango dira gaian murgilduta.
Ikasturtean zehar, ikaslegoarekin batera, hausnartzeko aukera paregabea edukiko da eta burutuko diren ekintzen berri emango da. Dagoeneko martxan daude ikastetxeetako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein guraso, aldaketaz informatuz eta motibazio fasean sartuta. Hemendik aurrera ikastetxearen eta herriaren diagnostikoa egitea egokituko da, beti ere aurtengo helburua kontuan izanik. Zer da baso bat? Zerk osatzen dute basoa? Landaketa eta basoa, gauza bera al dira? Nolakoa da gure ikastetxearen ingurua? Eta herria? Zenbat berdegune eta baso daude herri eremuan? Zein kontserbazio mailetan? Eta bere kudeaketa?… Galdera ugari ikastetxeko eta herriko “argazkia” egiteko.
Basoak naturaz gozatzeko ingurune apartak dira. Orain, inoiz baino gehiago. Animatzen zaituztegu zuek ere jasangarritasunaren trenera igotzera! Inor atzean utzi gabe!