Applications imbriquées
Albisteak
Retour Egoitz Ugartemendia eta Asier Borrego: “Realeko campusean futbolaz gain multikirola gauzatzen dugu eta ekintza horiek garatzeko aukera zabalak eskaintzen dizkigu Urnietako kiroldegiak”
21·07·2023
Real Sociedad Fundazioa udako campusa gauzatzen ari da Urnietako udal kiroldegian. Txikienei zuzendutako jarduera hau Zubietako instalazioetan gauzatu ohi dute, baina, aurten, bertan egiten ari den birmoldaketan ondorioz, Urnietara ekartzea erabaki zuten bertako baliabideen egokitasunagatik.
Gu Egoitz Ugartemendia eta Asier Borrego campuseko koordinatzaileekin elkartu gara beraien bizipenak ezagutzeko.
Zer moduzko esperientzia izaten ari zarete Urnietan?
Oso ona. Realeko campusean futbolaz gain multikirola gauzatzen dugu eta ekintza horiek garatzeko aukera zabalak eskaintzen dizkigu Urnietako kiroldegiak. Jakin genuenean uda honetan ezingo genituela erabili Zubietako zelaiak inguruko aukera desberdinak aztertzen hasi ginen, eta ikusi genuen Urnietako aukera egokia zela. Hemen dena eskura dugu eta oso erosoa da guretzat. Gainera, Urnietako Udalaren eta klubaren aldetik oso jarrera ona izan genuen.
Multikirolaren barruan zein kirol praktikatzen dituzue?
Batez ere taldeko kirolak lantzen ditugu: jokuak, futbola, saskibaloia, eskubaloia… Horretaz gain, atletismo saileko teknikari bat ere badugu gurekin.
Noiz arte egongo zarete Urnietan?
Ekaineko azken astean eman genion hasiera campusari eta uztailaren 28 arte egongo gara bertan.
Zenbat ume ari dira parte hartzen?
Aurten 90 ume izan ditugu aste bakoitzean. Gero Urnietako klubari keinu bat egite aldera aukera eskaini dugu aste bakoitzean Urnietako klubeko futbol eskolako 5 umek parte hartzeko.
Nongoak eta zein adin tartekoak dira parte hartzaileak?
Gipuzkoa osoko umeak izaten ditugu eta tartean oporrak pasatzera etortzen diren kanpotar batzuk ere. Aste honetan adibidez, Irlandako ume batzuk egon dira. Adinari dagokionean 9-12 urte bitartekoak izaten dira.
Zer moduz ari dira pasatzen?
Oso gustura daude. Ederki pasatzen dute egiten ditugun ekintzetan eta gainera errespetua, talde-lana eta ardura bezalako baloreak lantzen ditugu.
Nola antolatzen duzue egun bakoitza?
Goiza bi bloketan banatzen dugu. 9:00-11:00 bitartean lehen txanda. Gero hamaiketakoa egiten da, eta, ondoren, bigarren blokea.
Zein hizkuntza erabiltzen duzue campusean?
Printzipioz ekintzak euskaraz garatzen saiatzen gara. Baina talde bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatzen gara. Kanpoko umeak badatoz ingeles pixka bat sartea tokatzen da noizean behin.
Zein balorazio egiten dute umeek eta gurasoek?
Gustura geratu ohi dira eta horren seinale da askok errepikatu egiten dutela gabonetako eta aste santuko kanpusetan. Gure helburua umeek esperientzia on bat izatea, ondo pasatzea eta lagun berriak egitea da.