Applications imbriquées
Albisteak
Retour Bonuen salmenta Saroben zentralizatuko da
24·10·2020
Udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta herriko familiei laguntzeko helburuz Erosi Urnietan bonu-kanpaina jarri zuen abian Udalak irailaren 21ean. 20 euro ordainduta kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan 30 euro gastatzeko aukera eskaintzen zaie urnietarrei, gainerako 10 euroak Udalak ipintzen baititu.
Bonuak azaroaren 30 arte erabil daitezke, eta beraz, oraindik erosi ez dituzten herritarrek badute parte hartzeko astia. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu sorta eros ditzake, zeinak bi formatutan aurkezten diren, 5 eurokoak eta 10 eurokoak.
Aurretiko hitzordua ezinbestekoa
Bonuen salmenta Sarobeko ofizinan zentralizatuko da aurrerantzean, izan ere, Errekalden ahalbideturiko ofizinan oso zita gutxi hartzen ari ziren herritarrak eta hitzordu gehienak Saroben pilatzen ziren. Hori bai, aurretiko hitzoduak ezinbestekoa izaten jarraituko du. Hiru aukera daude hitzordua eskatzeko:
- Webgunea: www.urnieta.eus
- APP: mugikorraren bitartez
- 688 720 742 telefonora deituta
Bonuak erostera joandakoan nortasun agiria eta kreditu txartela eraman beharko dira derrigorrean. Lehenengoa Urnietan erroldatuta dagoela eta 18 urte baino gehiago dituela egiaztatzeko, eta bigarrena berriz, ordainketa egiteko, Covid 19a dela eta segurtasun neurri gisa. Halaber, pertsona bakoitzak bere familiako kideen edo lagunen bonuak erosteko aprobetxatu dezake hitzordua ordezkapen idatzia beteta eta sinatuta eramanda.
Aukera zabala
Behin bonuak erosita, kanpainara atxikitako 57 establezimenduetan gasta ditzakete herritarrek. Bonuak erosteko momentuan establezimendu horiek guztiak zehazten dituen orria banatuko zaie herritarrei, eta establezimendu horiek ere identifikazio kartel bat dute atarian.
Erosketak gutxienez bonuaren balioa izan behar du
Erabilerari dagokionez, erosketaren zenbatekoak bonuaren balioaren berdina edo handiagoa izan beharko du, erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez baita itzuliko. Hau da, bonu bakoitza erosketa bakoitzean agortu beharko da.