Applications imbriquées
Agrégateur de contenus
29·10·2020
Udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko eta herriko familiei laguntzeko helburuz Urnietako Udalak abian jarritako bonu-kanpaina amaierara gerturatzen ari da. Bonuak erosteko aukera azaroaren 6an amaituko da, erabili ahal izateko azken eguna azaroaren 30a baita. Horrela, herritarrek erositako bonuak gastatzeko denbora izango dute.
Salmenta Lekaion eta Gazte Informazio Puntuan aurretiko hitzorduarekin
Bonuen salmenta Lekaion eta Gazte Informazio Puntuan gauzatuko da azken astean ere, baina eskaintzen den hitzordu kopurua eta salmentarako ezarritako langile kopurua handitu egingo dira azken egunetan ahalik eta bonu gehien saltzeko. Halere, bonuak erosteko aurretiko hitzorduak ezinbestekoa izaten segiko du, salmenta modu kontrolatuan garatu dadin. Hitzordua hartzeko betiko hiru aukerak mantentzen dira.
- Webgunea: www.urnieta.eus
- APP: mugikorraren bitartez
- 688 720 742 telefonora deituta
Bonuak erostera joandakoan nortasun agiria eta kreditu txartela eraman beharko dira derrigorrean. Lehenengoa Urnietan erroldatuta dagoela eta 18 urte baino gehiago dituela egiaztatzeko, eta bigarrena berriz, ordainketa egiteko, Covid 19a dela eta segurtasun neurri gisa. Halaber, pertsona bakoitzak bere familiako kideen edo lagunen bonuak erosteko aprobetxatu dezake hitzordua ordezkapen idatzia beteta eta sinatuta eramanda.
4 bonu-sorta
Bonuak 5 euroko eta 10 euroko formatuetan eskura daitezke eta herritar bakoitzak 4 bonu-sorta erosteko aukera du. Horrek esan nahi du dagoeneko 2 bonu-sorta erosi dituztenek beste 2 erosi ditzaketela beren izenean. Lote bat erosi dutenek 3 gehiago erosi ahal izango dituzte, eta bat bera ere erosi ez dutenek 4.
Aukera zabala
Behin bonuak erosita, kanpainara atxikitako 57 establezimenduetan gasta ditzakete herritarrek. Bonuak erosteko momentuan establezimendu horiek guztiak zehazten dituen orria banatuko zaie herritarrei, eta establezimendu horiek ere identifikazio kartel bat dute atarian.
Erosketak gutxienez bonuaren balioa izan behar du
Erabilerari dagokionez, erosketaren zenbatekoak bonuaren balioaren berdina edo handiagoa izan beharko du, erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez baita itzuliko. Hau da, bonu bakoitza erosketa bakoitzean agortu beharko da.
Udalak azken aste hau eta erosteko aukera aprobetxatzera animatu nahi ditu herritarrak, eta bonuak azaroaren 30era arte erabili ahal izango direla ere gogorarazten du.