Applications imbriquées
Albisteak
Retour Anne Fernandez: “Sanmieletan, herriko festetan zure kartela ikustea oso polita da”.
07·09·2023
Anne Fernandez urnietarraren irudiak iragarriko ditu 2023ko Sanmiel jaiak, berak irabazi baitzuen kartel lehiaketa. Bigarren aldiz gailendu da kartel lehiaketan, 2018an ere berak aurkezturikoa izan baitzen hautaturiko lana.
Lehenengoa eskuz gauzatu zuen eta aurtengoa ostera, digitalki. Miela da kolorez beteriko kartelaren ardatza. Fernandez pozik ageri da errekonozimenduarekin eta lana balioan jartzeko balio duela adierazten du.
Sanmiel jaietako kartel lehiaketa irabazten duzun bigarren aldia da. Ez da batere erraza.
Ilusioa handia egiten du. Sanmieletan, herriko festetan zure kartela ikustea oso polita da. Poza baita, kartela egiteko prozesuan lagundu didaten guztiengatik ere. Aurrekoarekin konparatuta zerbait desberdina egiten saiatu naiz.
Zein desberdintasun daude aurreko kartelarekin alderatuta?
2018an lehen aldiz aurkeztu nintzen eta azken momentuan egin nuen dena. Akrilikoekin egin nuen, pintzelekin margotuta eta collage moduko bat burututa. Inprobisazioa izan zen eta irten zitzaidana aurkeztu nuen. Horregatik, oraingoan baino gehiago harritu ninduen irabazteak. Ideia ere desberdina zen, gauez irudikatu nuen Urnieta eta beste ukitu bat zuen. Orduan arte ederren karrera egiten ari nintzen. Oraingo hau berriz, digitalki egin dut, beste material batzuekin eta gehiago landuta. Eboluzio hori ikusten dela uste dut. Sortze prozesua luzeagoa izan da.
Zein diferentzia nabarmenduko zenituzke lanketari dagokionean?
Eskuz egiten duzunean kontzentrazio gehiago behar duzu egindakoa ezin delako borratu. Digitalki berriz, erraztasun gehiago ditugu gauzak aldatzeko eta ezabatzeko aukera dagoelako. Momentuaren eta egin nahi den kartelaren arabera erabiltzen da eredu bat edo bestea. Niri biak gustatzen zaizkit, baita bien arteko konbinazioa ere. Ni diseinu grafikotik nator, eta, beraz, mundu digitala gehiago erabili dut eta trebatuagoa nago horretan.
Zer islatzen saiatu zara?
Mielari garrantzia eman nahi nion. Azken batean, izenean Miela dago eta kartelaren ardatz bilakatu nahi nuen. Kartelak egin ditudanean Miela beti azaltzen zen elizara igotzen baina urrutitik. Bozeto guztiak nahiko antzekoak irteten ziren ideia horrekin eta aldatu egin nahi nuen.
Kolore biziak erabili dituzu.
Bai, jaiak irudikatzeko eta poz hori adierazteko koloreak garrantzitsuak dira.
Kartela programaren azalean eta herriko leku mordoan ikusiko da eta oihartzun handia izango du.
Askotan ematen du zuk ikasi duzuna, arte ederrak edo diseinu grafikoa, hobbie bat dela edo musu-truk egiten dela, eta horrelako lanak egitea eta lehiaketa irabaztea errekonozimendu bat da zure lana benetan baloratzeko.
Gurasoek eta lagunek zer esan dizute?
Kartel hau aurkeztu nuen baina beste batzuk ere egin nituen eta beraiei erakutsi nizkien aurretik. Gurasoak pixka bat kritikoagoak dira eta beste kartel bat gehiago gustatu zitzaien sinpleagoa zelako. Lagunei aldiz, hau gehiago gustatu zitzaien eta niri ere honek konbentzitu ninduen gehien. Beraz, honekin egin nuen aurrera. Besteen iritzia ezagutzea ondo etortzen da, ikuspegia zabaltzen dizu.
Beste lehiaketa batzuetara aurkeztu izan zara?
Momentuz ez, ikasketekin eta lanarekin ez dudalako denborarik izan, baina ez dut baztertzen. Dena den, beste herri bateko kartelak egitea zailagoa da. Izan ere, Urnietako festak txikitatik bizi ditut, ondo ezagutzen ditut eta esentzia hori ematea errazagoa da. Beste herrietakoak egiteko jai horien giroa ondo ezagutu behar da. Parrandan gehiago irten beharko dut ezagutzeko kar, kar, kar.
Nondik datorkizu diseinuarekiko zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zait marraztea baina oso modu sinplean, arkatzekin eta errotuladoreekin. Gero, karrera azken momentuan aukeratu nuen. Publizitatea egitekotan egon nintzen, baina zerbaitek esaten zidan arte ederrak egiteko, bestela damutu egingo nintzela. Asko ikasi nuen: pintzelekin margotzen, teknika desberdinak... Gero diseinu grafikoa aukeratu nuen espezialitate moduan eta horretan aritu nintzen karrerako azken bi urteetan.
Lanean ibili zara arlo horretan?
Enpresa batean aritu nintzen lanean 3 hilabetez diseinu lanak egiten. Iritsi nintzenean Hernaniko emakumeen etxea berritzen ari ziren. Fatxada egina zegoen baina barrukaldea margotzea geratzen zen. Gela bakoitzak emakume baten izena edukitzea zen asmoa eta nik egin nituen ilustrazioak eta kanpoan dauden errotuluak. Hori izan zen lehen lana, oso polita. Ondoren maketazio lan batzuk egin nituen. Gero, denda batean hasi nintzen lanean eta bitartean irakaskuntza masterra egin nuen. Orain irakasle moduan saiatuko naiz.
Beraz, nahiz eta lehiaketa bat irabazi izanak ikusgarritasuna ematen duen etorkizun hurbilean zure burua ez duzu diseinu arloan ikusten.
Ateak irekita ditut. Ez dut baztertzen etorkizunean diseinura bueltatzea edo lan txikiak egitea, baina une honetan irakasle moduan probatu nahi dut. Motibatuta nago.
Nola bizitzen dituzu Urnietako festak?
Lagunartean ibiltzeko unea da. Hemen mundu guztia ezaguna da eta denekin hitz egiteko eta egoteko aukera dago. Giro familiarra izaten da eta oso ondo pasatzen dugu.
Saria ere ez da txarra, 500 euro. Zertara bideratuko dituzu?
Aurreko sariarekin tablet grafiko bat erosi nuen. Inbertsio bat artearen munduan jarraitzeko, baina oraingo sariarekin ez dut pentsatu zer egin. Halere, lan bat utzi dudanez eta beste batean hasteko asmoa dudanez bitartean koltxoi pixka bat izatea ondo etorriko zait.

