Saut au contenu

Webgunearen titulo eta logoa

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [fr]

Barruko horrien irudia

Applications imbriquées

Albisteak

Retour Angelo Jimenez: “oso jende gutxi dago bere herrian eskultura bat izateko aukera duena eta oso berezia izan da niretzat”

.

08·02·2023


Angelo Jimenezen “Zaintzailea” eskultura inauguratu zen urtarrilean Urnietako Udalak abian jarritako eskultura lehiaketan herritarrengandik bozka gehien jaso zuen lana izan ostean. “Emakumeei aitortza zaintzen eremuan egindako lanarengatik” izan zen lehiaketaren gaia eta Jimenezen lanak bete-betean islatzen du ideia hori. Jimenezek urte mordoa darama eskulturen munduarekin lotuta, 70 lan inguru gauzatu ditu eta hainbat erakusketa antolatu dira horiek ezagutzera emateko. 

Berezia izango da herrian bertan etengabe ikusgai dagoen obra bat izatea ezta?

Oso jende gutxi dago bere herrian eskultura bat izateko aukera duena eta oso berezia izan da niretzat. Umeentzat ere polita da, bertatik pasa eta aitaren lana ikustea. Herrian nire izena betirako geratuko eta horrek poz handia ematen dit.

Gainera lehiaketa bat egon zen eta herritarrek hautatu zuten zure eskultura alde handiarekin.

Horrek balio handia du niretzat eta hainbeste bozka jaso izanak ilusio handia egin zidan. 

Obraren izena “Zaintzailea” da, azalduiguzu zein esanahi duen.

Andre bat da obraren protagonista, bi pertsona zaintzen ari dena, biak genero gabeak. Formak oso primitibistak dira, leunak eta basikoak, baina mundu guztiak ulertzen dituenak. Forma borobilak gustatzen zaizkit, gauza zuzenak oso gutxi direlako. 

Gainera, niretzat momentu oso zailean egin nuen obra, nire andrea maiatzean joan baitzen – minbiziaren ondorioz- eta hilabete horren amaieran hasi nintzen eskultura lantzen.

Inaugurazio ekitaldia xumea baina hunkigarria izan zen.

Jende ezagun asko joan zen eta niretzat oso momentu berezia izan zen, oraindik emozionatu egiten naiz. Eskultura sortu nuen momentua burura etorri zitzaidan eta ezin izan nuen behar bezala disfrutatu. Nire andreak beti babesten ninduen egiten nuenarekin eta badakit lan hau ikusten egongo dela oso harro.

Zure eskulturak hausnarketa bultzatzeko balio dezake. Alegia, orain arte horrela izan den arren, zaintza ez dela emakumeen kontua aditzera emateko.

Emakumeek paper oso garrantzitsua izan dute betidanik. Beraiek arduratu dira zaintzaz eta etxeaz, baina lan hori ez da baloratu izan. Ematen du hori emakumeek egin beharrekoa dela, baina ez da horrela, lan horiek ez dute generorik eta guztion artean egin behar ditugu, emakumeek eta gizonek, gainerako gauza guztiak bezala.

Aurkezpenean Luke Goñi zinegotziak aipatu zuen moduan, zu zeu ere horren adibide zara, umeen zaintzan erabat hartu duzulako parte.

Nik etxean beti sukaldatu izan dut, beti egin ditut etxeko lanak eta beti egon naiz umeak zaintzen. Hori bikoteko bi kideen lana delako, ez emakumearena bakarrik. Denok zikintzen dugu, denok jaten dugu eta beraz, denok kolaboratu behar dugu gauza horietan. Eta baten bat gaixotzen bada zaintzak ere partekatua izan behar du. Gaur egun gauzak aldatzen ari dira zorionez, baina oso mantso.

Nondik datorkizu eskulturekiko zaletasuna?

Nik betidanik izan dut harriarekiko interesa, harriarekin lan egitekoa eta harria moldatzekoa. 17 urte daramatzat eskulturekin. Hernanin hasi nintzen ikastaro bat eginda, eta, gero, nire kontura ikasten joan nintzen harri batzuk eta erremintak hartuta. Hernanin estudio bat daukat andrearen baserrian eta bertan ditut nire lan guztiak. Egurrezkoak, burnizkoak eta gehienak harriarekin eginak: marmola, granitoa….

Esan duzu lan gehienak harriarekin egin dituzula baina hau ordea ez. Zergatik?

Eskultura hau aluminioz egitea erabaki nuen kalean egoteko eta forma horiek emateko aproposagoa zelako. Aluminioarekin egin dudan lehen obra izan da. Zerbait berezia eta polita egin nahi nuen herrian jartzeko.

Ez da erraza izango harria nahierara moldatzea ezta?

Gauza bat gustatzen bazaizu egiteko modua bilatzen duzu. Egia da eskulturak egitea oso prozesu mantsoa dela, baina gero bizitza guztirako hor geratzen da egiten duzuna.

Zer saiatzen zara transmititzen zure eskulturen bidez?

70 eskultura inguru ditut eta horien bidez nire bizitza kontatzen dut. Momentuan ditudan emozioak eta bizipenak azaltzen saiatzen naiz eskulturen bidez. Nire eskulturak begiratuta nire andrea, nire semeak eta nire arazoak ikusten ditut. Azkenean nire bizitzaren eboluzioa eta nire esperientziak.

Erakusketak ere antolatu dira zure lanekin.

Bai, Urnietan, Hernanin eta Azpeitian. Baina ez da erraza. Laguntza gutxi daude eta harriak mugitzea ez da batere erraza.

Hasi zinenean imajinatzen zenuen hainbeste eskultura egitea eta erakusketak antolatzea?

Hobby bezala hasi nintzen baina ez nuen pentsatzen honetara iristea. Pixkanaka lanak egiten joaten zara eta horrekin zerbait egitea pentsatzen duzu. Jendeak ere animatzen zaitu eta gauzak irteten dira. Izan ere, ez dago jende asko harria lantzen duena, prozesu luzea eta ekonomikoki garestia delako.

Baduzu erronkarik edo proiekturik etorkizunari begira?

Urnietan zerbait egitea nahiko nuke. Aurrekoan ez zen jende gehiegi agertu eta orain agian momentu ona izan daiteke.

Banner-a

Youtube osoko bilkura

Jarrai gaitzazu Youtuben

Banner Informazio guztia eskura klik batean

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Banner Berrittu

AGENDA KULTURALA

AGENDA