Applications imbriquées
Albisteak
Retour ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: udalerrian berriki gertatutako eraso sexista gaitzesteko
19·01·2026
Urnietako Udalak irmotasun osoz gaitzesten du udalerrian berriki gertatutako eraso sexista.
Udalak argi utzi nahi du ez duela inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasorik. Hau ez da gertakari isolatu bat, ezta azalpenik gabeko ekintza bat ere. Hartutako erabaki kontziente baten emaitza da: emakumeen askatasuna urratzea. Indarkeria matxistak oinarrian duen ideologiak emakumeak kontrolpean eduki nahi ditu, eta erasotzaileak beren nagusitasuna indarkeriaren bidez inposatzera bultzatzen ditu. Horregatik, adierazpen honek erasotzailearen jarrera onartezina jarri nahi du jomugan.
Urnietan ez dago lekurik horrelako jokabideentzat. Erasotzaileei argi adierazi nahi diegu beren ekintzek ez dutela inolako babes sozialik. Komunitate gisa, gure erantzukizuna da haien inpunitate-espazioak mugatzea eta beldurraren bidez lortu nahi duten kontrol hori haustea. Horretarako, ezinbestekoa da herriaren erantzun irmoa jarrerok deslegitimatzeko.
Urnietako Udalak ardura osoa du udalerrian bizi diren pertsona ororen eskubideak bermatzeko; beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin horretan, guztion artean arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago. Prozesu horretan, ezinbestekoa da Urnietarrei adierazpide egokiak eskaintzea, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten.
Hori guztia dela eta, Urnietako Udalak adierazten du erabat arbuiatzen duela udalerrian gertatutako indarkeria matxista, eta herritarrei dei egiten die urtarrilaren 20an, 18:30ean, San Juan plazan, kolektibo feministek egingo duten elkarretaratzera.

