Applications imbriquées
Albisteak
Retour Eusko Jaurlaritzak 12,6 milioi euroko gastua onartu du Egapeko DBHko eraikin berria eraikitzeko
18·06·2024
Gaurko erabakiarekin urrats berri bat eman da Egape ikastolako bigarren hezkuntzako eraikin berria eraikitzeko bidean, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 12,6 milioi euroko aurrekontua onartu du horretarako gaurko bilkuran.
Eraikin berria haur eta lehen hezkuntzako ikastetxearen ondoan eraikiko da, eta poriektuaren barruan eraikiko dira gimnasio bat eta kanpoko kirol-kantxa estali bat ere.
Horrela, Egapek Eskola Campusa izango du, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eraikinak espazio berean egongo baitira. Eraikin berriarekin, herriko haurrek instalazio modernoak izango dituzte, beren behar guztiei erantzuteko eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko.
Iaz onartutako proiektuak eraikinak izango duen banaketa zehazten du. Beheko solairuak institutuko administrazio- eta zuzendaritza-gunea hartuko du (idazkaritza, zuzendaritza-bulegoak, bilera-gelak, irakasle-gela), baita gela komunak ere (informatika-gela, zientzia-laborategia, plastika-gela eta zereginen ikasketa gela).
Erdisotoko solairuan egongo dira erabilera anitzeko gela, musika/ikus-entzunezko/irrati gela, jantokia (office eta guzti), zerbitzu orokorrak eta instalazioen gelak. Azkenik, lehenengo solairuan DBHko gela arruntak, teknologia-gela eta pedagogia terapeutikoko eta orientazioko gelak egongo dira.
Hurrengo urratsak
Gastu-baimena onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak obra esleitzeko prozesuari ekingo dio, hau da, pleguak onartzeari eta lehiaketa publikoa garatzeari. Eusko Jaurlaritzak berak ohar batean iragarri duenez, obrak 2025eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusi dute. Exekuzioak 24 hilabete inguruko iraupena izango du.