Applications imbriquées
Albisteak
Retour Iagoba Ezama: “Herri sentimendua eta klubarekiko lotura indartu nahi ditugu”
06·06·2024
Iagoba Ezama buru duen zuzendaritza taldeak berriki hartu du Urnieta Kirol Elkartea gidatzeko ardura eta kluba herri dinamikan gehiago barneratzeko eta indartzeko xedez burubelarri ari dira lanean.
Aldaketak izan dira UKEren zuzendaritzan eta horietako bat da zu presidente izendatu izana.
Orain dela urtebete inguru Joseba Lizasok, aurreko presidenteak, galdetu zigun ea esku bat botatzeko prest geunden. Pertsona desberdinekin kontaktatu eta elkarren artean talde polit bat osatu dugu. Urte guztian lanean eta klubaren funtzionamendua ikusten aritu gara eta orain dela 2-3 hilabete osatu zen junta. Eva Maria Perez, Eva Sobrado, Imanol Garcia, Imanol Odriozola, Asier Agirre, Jon Tomasena, Jose Antonio Pascual, Ana Isabel Lopez, Victor Rodriguez, Angel Gago eta ni neu gaude.
Nor da Iagoba Ezama oraindik ezagutzen ez zaituztenentzat?
Azpeitiarra naiz, baina 18 urte daramatzat Urnietan. 18 urterekin joan nintzen Donostiara bizitzera eta 30 urterekin iritsi nintzen Urnietara. Oso gustura nago hemen. Bi seme eta emaztearekin bizi naiz. Bertan egiten dugu bizitza eta herriaren egunerokotasunean murgilduta gaude.
Nola joan dira lehen hilabeteak?
Funtzionamendua ona izaten ari da. Gainera, Joseba Lizasok asko lagundu digu, konpromezu handia hartu du gauzak ahalik eta ondoen uzteko eta klubean nola lan egiten den erakusteko. Organigrama zabala dugu, komunikazioa ona da eta erabakiak denon artean hartzen ditugu. Gauza pila bat daude egiteko. 500 lagun inguru gaude klubean jokalari, entrenatzaile eta bestelako pertsonen artean. Horren guztiaren kudeaketa egoki batek ordu asko eskatzen ditu. Juntakide guztiek beste lan bat dugu eta exijentzia maila altua da, baina lanerako gogoz eta ilusioarekin gaude.
Ordu asko eta erantzukizun handia.
Juntan gaudenak ohituta gaude pertsonekin lan egiten eta proiektuak aurrera eramaten gure benetako lanetan, eta horrek asko laguntzen du gauzak egiteko eta erabakiak hartzeko orduan. Gainera, seme-alabak ditugu klubean eta horrek gauzak ondo egitera eta aurrera ateratzera eramaten zaitu. Horretaz aparte, herri bat atzetik izateak indarra ematen digu.
Denboraldiaren balorazioa eginez nabarmentzekoa da futbolean nesken talde nagusia kopako finalera iritsi izana.
Meritu handiko denboraldia egin dute, izan ere, udaran taldea desagertzeko zorian egon zen. Horrelako partidek herriko sua pizteko balio dute eta herriko kirola beste puntu batean jartzen laguntzen dute, jende gehiago mugitzen baita partidak ikustera. Azpitik datozen gazteentzat ere eredu moduan motibagarria da, gero eta neska gehiago kirola egitera gerturatzeko balio dezake.
Gizonezkoen talde nagusiak berriz, maila galdu du tamalez.
Aurreko urtean mailaz igotzea lortu zuten eta aurten ezin izan dira mantendu. Azken urteetan gora eta behera gabiltza. Urnietako herriak merezi du gutxienez ginen mailan egotea. Gustatuko litzaiguke egonkortasun bat lortzea eta posible bada pixkanaka gora egitea.
Eskubaloiari dagokionean gizonezkoak dira Gipuzkoako Kopako finala jokatu dutenak.
Hori ere oso pozgarria izan da. Eta neskek ere ohiko moduan denboraldi polita osatu dute. Dena den, emaitzetatik haratago, guretzat egunerokotasunean kirola egitea, konpromezua izatea eta herria sustatzea da garrantzitsua. Gainera taldekako kirolen bidez pertsonen heziketan funtsezkoak diren baloreak ikasten dira; laguntasuna, talde lana, gauzak partekatzea… horiek emaitzak baino garrantzitsuagoak dira.
Pilotan izan da jauzitxo bat ezta?
Imanol Odriozola sartu da aurten, gora egin du izena emanda dauden umeen kopuruak eta oso pozik gaude. Eskuz goiko txapelketetan ez dugu jenderik, baina gaztetxo horietan dago etorkizuna eta ziur herriaren izena frontoi desberdinetara zabalduko dutela. Helburua izan behar da herriarteko txapelketa jokatzea Urnietaren izenarekin. Horren bila goaz eta lehen urratsak ematen hasi gara.
Futbolean eta eskubaloian ere lan bikaina egiten da txikienekin.
Funtsezkoa da gauzak azpitik ondo lantzen hastea baliabideak eta entrenatzaile egokiak jarrita. Bizikidetza egoki bat eta lagunarte on bat sustatu behar dira. Ondo pasa eta herrian bertan. Askotan hemengo jendea beste talde batzuetara joaten da goragoko kategorietan jokatzera eta klubarekiko pertenentzia maila handitzea gustatuko litzaiguke. Ez da hobe zure herria sentitu, gure taldeak aurrera eraman eta lagunekin batera jolastea? Horren alde egingo dugu lan, urnietarrek herrian jokatzearen alde eta gure taldeak ahalik eta goren eramatearen alde. Denon artean komunio polit bat sortu nahi dugu. Gainera, jaiotza tasak behera egin du eta bestela, taldeak osatzerako orduan arazoak egon daitezke.
Amaitzeko, zein bide-orri edo helburu ditu zuzendaritza talde berriak? Nora emaran nahi duzue kluba?
Sentsazioa dut kluba ez dagoela herrian erabat integratuta. Herri sentimendua eta klubarekiko lotura indartu nahi ditugu. Gure taldeek urnietaren izena eramaten dute bizkarrean eta bihotzean eta horri indarra eman nahi diogu. Herriarekiko gertutasuna handitu nahi dugu, gero eta jende gehiagok kirola egitea eta partidak ikustera gerturatzea. Jendeak bere asteko planaren barruan sartu dezala kiroldegira gerturatzea eta gure taldeak animatzea.