Applications imbriquées
Albisteak
Retour Inma Iriondo: “Ongi etorri baserrira ekimenak baserriko produktuak nondik datozen eta atzetik zein lan dagoen ikusteko balio du”
17·07·2024
“Ongi etorri baserrira” ekimenak bere bederatzigarren edizioa ospatu du aurten. Bertako elikagaiak bultzatzeko, landaguneari balorea emateko eta gertuko turismoa sustatzeko helburuz jarri zen martxan. Goruntz egin du pixkanaka, izan ere, handitzen joan da parte hartzaile kopurua. Aurten, Urnietako hiru baserrik hartu dute parte, Adarrazpik, Otazu onddoak eta Eula sagardotegiak. Adarrazpi estraineko ediziotik dago proiektu honetan murgilduta eta beraien esperientziaren berri eman digu Inma Iriondok.
Zer da zuentzat “Ongi etorri baserrira” ekimena?
Jendeak non gauden, zer egiten dugun eta nola lan egiten dugun ikusteko aukera du. Baserriko produktuak nondik datozen eta atzetik zein lan dagoen ikusteko balio du. Produktuen atzean familia bat, ingurumen zainketa bat, artalde bat… gauza asko daude.
Zuen lan jardunak ez du etenik urte guztian. Baloratzen da lan hori guztia?
Hobetzen goaz. Ezagutzen den hori hobeto baloratzen da. Ekimen hauei esker gauzak aldatuz doaz pixkanaka, baina oraindik lan asko dago egiteko. Hemen ez dago lan ordu finkorik, dagoena aurrera atera behar da eta animaliak egunero-egunero atenditu behar dira.
Zenbat ordu izaten dira egunean gutxi-gorabehera?
Kanpainan gaudenean goizeko 5:30-6:00 inguruan hasten dugu eguna, igandeetan ordubete beranduago kar, kar, kar. Eta gauera arte aritzen gara egin beharreko zeregin desberdinetan. Abuztua, iraila, eta urri hasiera lasaiagoak izaten dira. Bizitzeko modu bat da eta gustatu egiten zaigu, baina egia da produktua saltzerakoan lan hori guztia trasladatzea eta produktua behar beste baloratzea zaila egiten zaigula.
Asko aldatu da baserriko lana azken urteetan?
Orain dela 50 urteko baserriaren mentalitatea dugu. Ematen du beste arloetan dena eboluzionatu dela eta gu bere horretan mantendu garela, baina hori ez da horrela. Gu ere gure arloan garatzen eta hobetzen goaz.
Zein izan dira aldaketa nagusiak?
Alde batetik ekoizleak berak beste formakuntza bat dauka. Guk adibidez esnekien ekoizpenerako artzain eskola daukagu. Kontua ez da gazta ekoiztea soilik. Aurrena ardia ezagutu behar da, ardia osasuntsu mantendu behar da, jakin behar da momentu bakoitzean zein behar dituen, pentsu bat edo beste eman behar zaion, zein belar mota behar duen… Horretaz gain, fisiko-mikrobiologikoak diren parametro batzuk ezagutu behar dira, gazta modu batera edo beste batera egiteko eta zuk nahi duzun produktua lortzeko. Komertzial formakuntza txiki bat ere eduki behar duzu, kate guztia guk egiten dugulako. Gu arduratzen gara produkzioaz, fakturazioaz, banaketaz eta gainerako gauzez ere. Enpresa batean departamendu desberdinak daude, baina hemen guri dagokigu guztia.
Bederatzigarren edizioa da aurtengoa. Herritarren eta baserritarren arteko zubiak indartzen ari dira?
Aurten harrera oso ona izan da eta jendeak segituan egin ditu erreserbak. Interes hori eskertzekoa da. Horrek erakusten du bai baserritarrek eta baita hirietan bizi direnek ere lotura hori egiteko nahia dutela eta hortan jarraitu beharko dugu.
Zuen etxeko ateak zabaltzen dituzue. Zer ikusten dute hona etortzen direnek?
Urteko garai honetan arkumerik ez daukagu. Ardiak berriz, normalean kanpoan egoten dira, jezteko bakarrik sartzen ditugu. Kanpora joaten gara artaldea ikustera, nola identifikatzen diren azaltzen da, zer jaten duten, animaliari buruz hitz egiten da, mamia nola egiten den erakusten da eta degustazio txiki bat ere egiten da.
Zein perfiletako jendea etortzen da?
Profila anitza izaten da; txikiak, helduak, familiak, koadrilak, bakarrik datozen pertsonak… denetarik etortzen da. Aurten Hernanitik, Astigarragatik, Donostiatik, Andoaindik, Hondarribiatik, Anoetatik, Arrigorrriagatik eta Gernikatik etorri dira.
Bestelako bisitak antolatzen dituzue?
Bai, guk hiru bisita mota egiten dugu. Ikastolentzako, atzerritarrentzako eta hemengo jendearentzat. Gure mentalitatea hasietatik izan da produktua ekoiztu eta ahal dela salmenta zuzena egin. Horrek egia da lan gehiago ematen digula, baina era berean etekin pixka bat gehiago ere ematen digu, eta jendeak ezagutzeko balio digu urte osoan.
Zenbat ardi dituzue?
350 inguru. Ez da kantitate oso handia baina selekzionatuta daude. Gu hobekuntza genetiko bat egiten ari gara eta horren atzean ere lan bat dago. Horrek esan nahi du ezagutzen ditugula gure ardien ama eta aita, eta ekoizpenak kontrol bat duela artaldea hobetzen joateko, ez soilik esne kantitatean baizik eta beste balore batzuetan ere, kalitatean.
Zein produktu lantzen dituzue?
Gazta desberdinak: idiazabal, gazta freskoa eta gazta pasteurizatua. Baita mamia eta esnea ere. Eta dagoenean arkumea.
KM0 ekimenean ere parte hartzen duzue.
Bai, astero jartzen dugu gure eskaintza eta gero banaketa ostegunetan egiten dugu San Joan plazan herriko beste baserritar batzuekin batera. Donostiako San Martin merkatuan ere izaten gara.