Applications imbriquées
Albisteak
Retour Urnietako Udalak Lurraldebusen zerbitzua hobetzeko behar nagusiak jakinarazi dizkio Aldundiari
29·07·2026
Urnietako alkate Jorge Seguradok eta Herme Gonzalez eta Agurtzane Mercader zinegotziek lan-bilera egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko arduradunekin, Lurraldebus zerbitzuaren egungo egoera eta udalerriaren mugikortasun beharrak aztertzeko.
Aldundiaren aldetik, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek parte hartu zuen, Mugikortasuneko zuzendari Ruben Dariorekin eta departamentuko gainerako teknikariekin batera.
Bileran, Udalak herritarren artean jasotako eskaera nagusiak helarazi zituen, besteak beste, geltoki berriak sortzea, maiztasunak eta ordutegiak hobetzea, autobusen gaitasuna indartzea eskari handiko uneetan, bidaia-denborak murriztea eta ospitale eta unibertsitateekiko konexio berriak aztertzea. Halaber, gaueko zerbitzuan eta Lurraldebuseko tresna digitaletan egin litezkeen hobekuntzak aztertu ziren.
Udalak nabarmendu zuen Urnietan aurreikusitako bizitegi-hazkundearen ondorioz beharrezkoa dela garraio publikoaren eskaintza egokitzea eta indartzea, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzun egokia emateko. Bilerak proposamenak partekatzeko eta bi erakundeen arteko lankidetzarako bide bat irekitzeko balio izan zuen, udalerrian mugikortasuna hobetzen jarraitzeko.

