Web edukia bistaratu

Urnieta historian zehar

1. Urnieta historiaurrean

Urnietan daukagun arrastorik zaharrena Marizulo haitzuloa da. Manuel Laborde jaunak ikertu zuen haitzuloa 1961 urtean. Izen bereko baserriaren azpian dago eta Gorosabelek dagoeneko aipatzen du bere Hiztegi Historiko Geografiko Dekribatzailean.

Pardakiko Harkaitzak izeneko mendiaren hegoaldean dago, itsasoaren mailaren gainetik 200 metrotara, eta zenbait sarrera ditu hegoalderantz, horietariko batzuk harkaitzek, zuhaitzek eta sasiek trabatuta daude.

Biztanlerik izan ote zuen susmoa Manuel Laborde, Miguel de Barandiaran, Tomas de Atauri eta Jesus Altuna jaunek 1962 eta 1963 urteetan egindako indusketetan egiaztatu zen, Neolitiko garaiko 25 urte inguruko gizaki baten gorpuzkinak aurkitu baitzituzten.

Urnietako mendietan zenbait monumentu megalitiko ere aurki ditzakegu: harrespilak, Leiako, Eteneta eta Mulisko, trikuharriak, Aballarri eta Pozontarri, horiek antzinako gizakiari beraien hilobietan lanabesez hornitu zituzten.

Pozontarriko trikuharriak erdigunean hil-ganbera bat gordetzen du, sei lauza bertikalez eta batere ohikoa ez den lauzatutako lurzoruaz eta tumulu batez osatua, guztiak Luis Peña Basurto jaunak aztertuak eta katalogatuak.

Barandiaranek honako hau adierazi zuen horiei buruz: "Monumentu megalitiko hauek artzainak bizi izan ziren Auñamendietako eskualde guztietan sortu ziren, eta Euskal Herri osoa barne hartzen zuten; sinesmenez, nozioz eta intentzioz beteriko mundu baten dokumentu materialak edo ageriko zeinuak dira." Cromlech-a "plaza zirkularra" esan nahi duen hitz bretoia da.

Euskal Herrian "baratze" deitzen zaie. Beren artean distantzia aldakorrean jarritako harri irregularren lerrokadurak dira, hainbat diametrotako zirkuluak eratzen dituzte, erraz bereiz daitezke lau puntu kardinalak adierazten dituzten harriak.

Ikertzaile guztiek diote monumentu horiek Brontze Aroan eta ondorengo garaietan (Burdin Aroa) eraiki zituztela.

Monumentu horiek erakusten dutenez, Euskal Herriak harremana izan zuen indoeuropar herri bizilagunekin, eta haien eragina ere izan zuen.

Ezezaguna da haien esanahi zehatza. Bilerak egiteko toki jakinak izan zitezkeen, edota ospakizunetako sutzarrak pizteko tokiak. Baliteke izaera erlijiosoa edukitzea, eta bertan jainkoei edo hildakoei errezatzea.

Abegi eskaseko tokitan kokaturik daude, mendi lepoetan edota mendi gainetan, bide edo bidegurutze ertzetan.

2. Urnietako fundazioa

Nafarroako Antso Jakituna erregeak abantaila eta salbuespen batzuk eman zizkion Donostiari 1150 eta 1160 urteen artean. Horiei esker, nortasun juridikoa eta legezko izaera eskuratu zituen hiriak. Donostiako foru honen jurisdikzioa Oriotik Hondarribira zabaltzen zen; beraz, egungoa baino sei aldiz handiagoa zen udal mugartea.

Hernani ez zegoen Donostiaren barruan, Gaztelako Joan I.a erregeak 1380ko urtarrilaren 20an onetsi eta berretsitako ituna zela bide. Eta Urnieta, noiz banatu zen?

Gorosabelek dioenez, Joan Lopez Tolosa Urnietako ordezkari gisa agertu zen 1397 urteko Getariako Batzar Nagusietan. Bestalde, hark dioenez, Endrike III.a erregeak 1399ko urtarrilaren 24an Santa Maria de Pelayos monasterioan eman zituen zerga salbuespenei buruzko errege zedula batean agertzen da Urnieta izena.

Ez da kontu jakina Urnieta Donostiatik noiz eta zein baldintzatan banandu zen, baina herria hiru zatitan banatuta agertzen zaigu: zati bat Donostiako jurisdikzioari loturik zegoen, beste bat Hernanikoari eta hirugarrena Aiztondoko alkatetzakoari.

1614 urtera bitartean egon zen Urnieta egoera aldrebes horretan. Urte hartan, hiru zatiek, elkarrekin ados jarri ondoren, beren jurisdikziotik bereiztea erabaki zuten, «elkarrekin berezko hiri oso bat eratzeko».

Felipe III.ak oniritzia eman zuen, eta bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordaindu. Hala, 65.105 erreal ordaindu behar izan zituen (295 bizilagun ziur eta 22 zalantzazko). Erregeak, 1615eko uztailaren 12an, zedula bat eman zuen, Urnietari salbuespen eta hiri jabetza eman ziezaion. Hurrengo abuztuan (1616), Hernando de Ribera lizentziadun eta komisio-epaileak alkate, erretore, prokuradore eta udalerriko gainerako funtzionarioen lehenengo izendapena egin zuen.

Donostiak berari zegokion zatia itzultzeko eskatu zuen. Urnietak ez zuen amore eman, eta auzi zaratatsu hura 1659 urtean oraindik ez zegoen behin betiko erabakita.

3. XIX. eta XX. mendeak

Urte hartatik aurrera, XIX. gizaldira bitartean, Urnietak zenbait gertakizunetan parte hartu zuen.

Lehen Karlistaldian, kalte handiak jasan zituen, ia desagertzeraino. Udaletxe, eliza eta ia etxe guztiak erre ziren. 46 etxe erre ziren, eta 128 baserri. Bost etxe besterik ez zen libratu erretzetik.1837ko irailaren 8a zen.

Bigarren Karlistaldian, 1874 urtean, tropa karlistek blokeo sendo bat egin zuten Hernaniren aurka. Santa Barbarako gaztelutik egiten zuten tiro Urnietako Egurrola baserriaren alboan kokaturiko bateria karlistaren aurka.

1875ean, beste borroka bat izan zen gure herriaren inguruetan. Foruen abolizioak herriaren erantzun sutsua sorrarazi zuen, eta herri batzuetan Lore Jokoak eta Euskal Jaiak antolatzen hasi ziren. 1886an, Urnietan izan ziren Euskal Jaiak, eta hemen antzeztu ziren lehen aldiz euskarazko zenbait antzezlan labur.

Hortik aurrera, garapenaren bidea hartu zuen Urnietak, bai kultura eta bai ekonomia arloan. Gaur egun, azken aurrerapen teknologikoak eskuratuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri modernoenetakoa bihurtu da.

Urnieta (Teresa Amuategi "Urnieta" liburutik)

Etimologiari dagokionez, hainbat interpretazio daude: batzuentzat "lur sail uhinduen ingurunea" esan nahi du, edota "mendi edo muino ugariko ingurua". Soraluze historialariaren iritziz Urnieta Uroneta da, "ur ugariko ingurua", Narbarteren arabera, Urnietaren jatorria "Burnieta" da, hau da, burdina ugariko lekua; eta azkenik, bada uste duenik benetako izena "Izan ere ta" dela, hau da, "bideko herria" edo "galtzadan dagoen herria",izan ere, badirudi etapa-herria izan zela Done Jakue bideko erromesaldien hastapenean.