Eduki publikatzailea
Atzealdea

344 galdetegi jaso dira aurrekontu irekien parte hartze prozesuan, inoizko kopuru handiena

.

2020·02·04


Urnietako Udalak parte hartze prozesu berri bat jarri zuen martxan urtarrilean 2020. urteko aurrekontuan barneraturiko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.

Urnietarrek haien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten zituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak aurkezteko aukera izan zuten urtarrilaren 15etik otsailaren 2 arte. Epe horretan, 344 galdetegi jaso ziren. Horietatik 119 urtarrilaren 24an eta 25ean jarri ziren informazio karpetan, 164 herriko puntu desberdinetan ipinitako buzoi eta kutxetan, 26 udalaren webgunean eta 35 APP-an.

Aurrekontu irekien prozesuak abian jarri zirenetik inoizko parte hartze altuena  izan da aurten, eta diferentzia handiarekin gainera. Izan ere, 2017an 201 galdetegi jaso ziren, urtebete beranduago 157, eta aurreko urtean berriz, 171. Beraz, herritarrek erakutsi dute parte hartzeko kultura erabat barneratu dutela eta herria hobetzeko bidean ekarpenak egiteko borondatea dutela. Emaitza horiek aintzat hartuta, Udalak oso balorazio positiboa egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie herritarrei buruturiko ekarpenengatik.

Orain, galdetegiak beteriko pertsonen datuak aztertuko dira, baieztatzeko Urnietan erroldatuta daudela eta 16 urte baino gehiago dituztela. Bi baldintza horiek betetzen dituzten proposamen guztiak aztertuko dituzte gero hirigintzako teknikariek, prozesuaren hasieran zehazturiko gainerako baldintzak betetzen dituzten ikusteko. Ondoren erabakiko dute zein proposamen egingo diren, eta, azkenik, bilera ireki bat egingo da herritarrei teknikariek hautaturiko proposamenen berri emateko.