Eduki publikatzailea
2026·03·13
Erik Frutosek urteak daramatza dantza modalitate ezberdinetan trebatzen, bere pasioan sakonduz: "hip-hopa, balleta, breakdancea, saltsa, bachata... egin ditut, eta saiatzen naiz modalitate desberdinak koreografietan sartzen", kontatu du.
Betidanik izan du dantza-akademia bat eraikitzeko ametsa, baina nola egin ez zekienez, udal lokaletan herritarrentzat doan diren jarduerak egiteko aukeraren berri izan zuenean, aukera ona ikusi zuen hasteko, eta eskaera egin zuen: "Bi urte daramatzat Errekalde 1eko lokalean, eta oso eskertuta nago aukeragatik”.
Astelehenetan 17:00etatik 19:00etara eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara elkartzen dira. "Talde ezberdinak ditut: 4-6 urte, 7-10 urte, 10-15 urte eta nagusien taldea". Azaldu duenez, klase bakoitzean 8 pertsona inguru ditu, "baina aldaketak daude taldetik taldera". Parte-hartzaile gehienak neskak eta urnietarrak dira: "Bi mutil baino ez ditugu, eta bat Andoaingoa da, ea gehiago animatzen diren. Neskei dagokienez, batzuk Andoain eta Hernanitik datoz, baina ia guztiak herrikoak dira".
Lehenengo urtean astean egun batean ematen zituen eskolak, baina ikasturte honetan bi egunetara zabaldu du: "jendea nahiko pozik dago. Kaña pixka bat ematen dut, baina asko animatzen dut eta giro ona nagusitzen da. Txikiekin eskulanak ere egiten ditut, sormena garatzea gustatzen zaidalako, eta egiten dugunak azken funtziorako ere balio izaten du", kontatu du.
Ikasturte amaierako emanaldia oso une berezia da Frutosentzat: "ikasturtean landutakoa erakusteko balio du, baita txikiek lotsa kentzeko ere. Jendaurrean dantzatzeak errespetua ematen du, eta une intentsoa da, baina batez ere dantzatzeko eta gozatzeko eguna”.
Frutosek esan du ateak irekita dituztela interesa duen edonorentzat, baina zehaztu du tarteko taldeetako partaideek denbora daramatela berarekin eta dagoeneko ezagutza batzuk eskuratu dituztela, "baina egokitu gaitezke". Hain zuzen ere, hori da etorkizunari begira markatuta duen helburuetako bat, "parte-hartzaileen kopurua handitzen joatea eta hazten joatea".
Ikasturtearen amaieran egiten dutenaz gain, emanaldi gehiago ere egin nahiko lituzke, eta jaialdi formatuko zerbait antolatu.
