Plazido Muxikaren omenezko bustoa
Tipologia: Brontzezko bustoa
Garaia: Aro Garaikidea (XXI. mendea)
Deskribapena:
Zigor Garcíak 2006an brontzean egindako bustoa.
Balorazioa: Interes kulturala.
Plazido Muxika Berrondo (1906 – 1982)
Oria auzoan (1986az geroztik, Lasarte-Oriako auzoa da Oria), Urnietan jaio zen. Langile porrokatua, nekaezina, eta etsipenak inoiz menderatu gabea, bere lanik ezagunenak hiztegigintzan egin zituen.
Muxikaren lanik mardulena Diccionario Castellano-Vasco izan zen, euskarari eginiko ekarpen itzela, hainbat eta hainbat urteko lana eskatu ziona. Plazidok berak aitortu zuenez, hiztegi hori egiteko erabakia 1929an hartu zuen, Kolonbiako Pasto hiriaren inguruko mendietan zeharkaldia egiten ari zela, Zeruko Argia aldizkariaren ale baten orrialdeak aurkitu zituenean (Santa Kruz apaizarena ote? Inguru haietan ibilia zen urte batzuk lehenago hura ere, eta dirudienez aldizkariaren harpidedun zen).
Hogeita hiru urteko jesulagun gaztea zen, artean meza eman gabea, eta Kolonbiako ikastetxe batean ziharduen, hiru urteko maisualdia betetzen. Urruti haietan eta horrelako leku bakartian bere herriko hizkuntza aurkitzeak zirrara handia eragin omen zion Plazido gazteari. «Dei» bat bezalakoa izan omen zen: zerbait egin behar zuen bere hizkuntza maitearen alde.
Hiztegi hori egiteari eman zizkion hurrengo 36 urteak. Lan horretan, Azkueren Diccionario vasco-español-francés hiztegia izan zuen iturri nagusi. Neurri txikiagoan, beste iturri batzuk ere erabili zituen:
- Azkuek berak euskara-gaztelania hiztegi baterako bildutako oharrak (gerora Orotariko Euskal Hiztegia izango zenaren oinarri nagusia, alegia).
- Pierre Lhanderen Dictionnaire basque-français.
- André Tournierren eta Piarres Lafitteren Lexique français-basque.
- Erroman Mirena Beraren eta Isaac Lopez Mendizabalen Diccionario castellano-euzkera / euzkel-erdel-iztegia.
- eta abar.
Diccionario castellano-vasco mardul eta bikaina, guztira 1.897 orrialde trinko dituena, urte askoan erreferentzia nagusi izan da euskalgintzan aritu diren guztientzat. Era guztietako aldaerak eta sinonimoak maila berean —egokitasunaren arabera ordenatu gabe— eman izana, beste akatsik ez zuen, Koldo Mitxelenaren esanetan.
Azken urteak Loiolako Santutegian eman zituen, 1982ko abuztuaren 27an hil zen arte.
Lanak
Hiztegiak
- Diccionario castellano-vasco (1965)
- Diccionario vasco-castellano (1981)
Itzulpenak
- Noni eta Mani (1952, Itxaropena). Jatorrizko eleberriaren egilea Jhon Stefan Svensson da.
- Mendiko argia (1969, Gero). Jatorrizko eleberriaren egilea Franz Weiser da.
Plazido Muxikaren oroimenerako bustoa
Zigor Garcíak brontzez egindako lana.