Muniskue gaineko multzo megalitikoa Oindi mendiaren hego-ekialdeko magalean dagoen zabalgune batean dago, 378 m-tako altuerara. Urnietar batzuk Kanposantu zaharra izenez ere ezagutzen zuten toki hau, eta leku horren erabileraz gure arbasoek ahoz-aho gordetakoari erreparatuz horrela zela ziurtatu daiteke bertan dauden monumentu guztiak giza-lurperaketarako eraikitakoak direlako. Multzo honen elementu ezberdinak 1956tik aurrera ezagutzen hasi gara miatzaile ezberdinei esker (J.M. Henández, L. Millán eta L. del Barrio) eta bertan 1983-85 bitartean X. Peñalverren zuzendaritza pean egindako indusketak monumentu hauek bistaratu zituen: 4 harrespil edo mairu-baratze, zista bikoitz bat, monolito bat eta defini gaitzak diren beste bi egitura.
Laburtuz esan daiteke toki honetan bi ehorzketa egitura edo monumentu mota daudela eta bakoitzak bere hileta errituala duela.