Herria
Herria
Lau bailara, herri bat
Udal barrutia ondorio administratiboetarako, lau auzotan banatzen da: Oztaran, Ergoien, Goiburu eta Lategi.
Oztaran
Herrigunearen inguruan dago Oztaran, Lasarte-Oriara doan errepidearen alde bietara. Eraikin tradizionalak nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenari lotuta daude. Argarate, Berrasoeta eta Aritzola baserriak dira auzo honetako lekuko interesgarrienak. Hiru eraikinak oinetxe izan dira, eta armarria gorde dute.
Ergoien
Haranaren goialdean, Arizmendi baserria dago, Urumea eta Oria ibaien arroak batzen dituen Andoain aldeko mendatean. Igarobide hau Erdi Arotik erabili izan da, eta oraindik ere erabiltzen da. Urmeneta baserria hor egoteak ere indartu egiten du igarobidea. Auzo honetan aipagarriak dira Arizmendi ─Foru Aldundiaren mintegia da gaur egun─, Oianume eta Azkonobieta baserriak.
Lategi
Auzo honi kalte handia egin dio Norteko Trenbidearen ibilbideak, ibarra bi zatitan banatu baitu. Izagirre baserria errota izan zen, eta urak biltzeko azpiegituraren zenbait zati gordetzen ditu oraindik.
Goiburu
Onddi inguruko mendien ertzen inguruan dago; horregatik, ez da harritzekoa udalerriko landa-ingurunea inguru honetan gordetzea ondoen. Baserrien artetik, Aierdi, Igartza (arku puntaduna du sarreran) eta Antsoko oinetxea nabarmentzen dira.
Udalerriko auzo honetan gordetzen dira herriko testigantza zaharrenak, eta ugariak dira historiaurreko aztarnak.
Biztanleak eta demografia
Urnietari buruzko datu estatistikoak:
Biztanleria (2023)
6.180
Biztanleria-dentsitate (2023)
275,76
Emakumeak (2023)
3.097
Gizonak (2023)
3.083
Urnietako ereserkia
1999. urtean sorturiko ereserkia da, eta letra Aitor Mendiluzek sortu zuen, Iñigo Peñaren musikarekin. Ereserkia Urnietaren historiako gertakizunen laburpena da:
Adarraren babes goxo pean
Dagoen herri eder berezia,
Euskadiren historian zehar
Hainbat uneren testigu bizia,
Iragana garrantzitsua dauka
Etorkizuna ongi merezia,
Geroaren bila doan herri bat da
Gure altxor nagusia.
Kale eta baserri,
Bere soineko ongi eratua,
Inguruko mendiek
Jantzi eta mugatua,
Bere izena eta izana
Bere herritarrekin edertua.
Gora Urnieta!
Gora Urnieta!
Gure ametsen bizilekua!
Herria erre zuen
Behin karlisten gerrak,
Bi urtez hustu zuen
Egindako okerrak.
Baina urnietarrak
Ez ziren alferrak,
Orain bizirik dago herritar
intzo haiei eskerrak.
Herritarren lanak jaso zuen
Berriro gure Urnieta kuttuna,
Denborarekin bihurtu dena
Gaur egun guk
Ezagutzen duguna,
Eta denborak aldatuta ere
Gurea da bere etorkizuna
Gure barruan gorderik dugulako
Bere herri nortasuna.
Kale eta baserri,
Bere soineko ongi eratua,
Inguruko mendiek
Jantzi eta mugatua,
Bere izena eta izana
Bere herritarrekin edertua.
Gora Urnieta!
Gora Urnieta!
Gure ametsen bizilekua!