Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Julen Gabirondo: “aurkari zaila dudala jakinagatik ni ilusio guztiarekin eta konfidantzarekin irabaztera joango naiz”.

.

2021·06·09


Julen Gabirondo segalari Urnietarrak eta Xabier Zaldua Zumarragako aizkolariak apustu ikusgarria jokatuko dute ekainaren 26an Leitzan. Kanaerdiko hogeina enbor ebaki beharko dituzte lehenik, eta ondoren, bi ordu osatu arte egin beharko dute segan 6.000 euro jokoan izango direlarik. Lehen apustua da Gabirondorentzat eta gogotsu eta ilusioz dago.

Apustua abenduan lotu zenuten eta pandemiaren ondorioz kolokan izan den arren, azkenean jokatuko da. Zalantza horrekin prestatzea ez zen erraza izango ezta?

Momentu gogorrak pasa ditut, izan ere, urte erdiren faltan itxi genuen apustua eta pentsatzen genuen garaia iristerako egoera hobetu egingo zela. Baina data gerturatzen ari zen eta apustua egiteko aukera ez genuen garbi ikusten. Horrek guztiak alor psikologikoan eragin egiten du, eta batzuetan, motibazioa mantentzea kosta egiten da. Zorionez egingo dugu eta jendeak ikustera etortzeko aukera izango du.

Ekainaren 26a gero eta gertuago dago. Somatzen duzu tximeletarik sabelean?

Nerbioak izatea normala da, baina nire lanarekin konfidantza hartzen ari naiz. Badakit aizkoran ikaragarri sufritzea tokatuko zaidala, baina bigarren zatian ariko gara segan, nire lanean, eta nekearekin ere segan egingo dut. Alderantziz okerrago izango zen.

Apustua oso gogorra da eta ikustekoa izango da.

Apustu hau historian bi aldiz bakarrik egin da, eta bietan Erasun eta Olasagastik neurtu zituzten indarrak, lehena 1988an izan zela uste dut, eta bigarrena berriz, 2004ean. Orduan biek esan zuten oso apustu gogorra zela eta ez zutela uste horrelakorik berriro ikusteko aukera izango zenik, eta begira, orain horrela suertatu da eta ea amaitzeko gai garen.

Amaitzeko aurretik ondo entrenatzea da gakoa. Nola doaz prestaketa lanak?

Paliza handienak hartuta nago, orain puntua mantentzea da asmoa. Egur pilo bat moztu dut, 2 edo 3 kamioikada. Nik aizkoran hobetu behar nuen eta gainera neguan belarrik ez zegoenez horretan ibili nintzen. Oraindik asko dut ikasteko baina teknika hobetu dut zerbait.  

Aizkoran ematen duzun mailan egon daiteke gakoa?

Bera aizkolaria da eta nik saiatu behar dut ahalik eta denbora gutxien galtzen aizkoran. Lehen aipaturiko apustuan Erasunek 10 minutu galdu zituen aizkoran eta gero buelta ematea lortu zuen, baina 10 minutu asko izango liratekeela uste dut.

Apustua lotzeko orduan izan ziren gorabeherak eta hasieran ez zineten ados jarri.

Egurrekin egon zen arazoa. Berak egurrak erdibana eramatea nahi zuen eta nik esaten nion nik eraman behar nituela. Ez da berdina 20 kanaerdiko gogor edo bigun moztea. Gogorrak izan balira ez nuke aukerarik izango. Nik modalitate bakoitzean erdi eta erdiko lan bat egitea nahi nuen gutxi gorabehera. Azkenean 16 enbor eramango ditut nik eta 4 berak. 

Segan makina bat txapel irabazitakoa zara, baina lehen apostua izango da zuretzat. Badago desberdintasunik?

Desberdina da bai, baina gustatzen ari zait. Sortzen den saltsa eta giroa politak dira. Beste xarma bat du apustuak. Dena emango dut irabazteko.

Dena den, ez da segaz aparte egiten duzun lehen erronka, izan ere, Pentatloi txapelketan parte hartu zenuen iaz eta bigarren izan zinen finalean.

Segako denboraldia ez zen irten eta pentatloia probatzeko aukera nuenez aprobetxatu egin nuen. Oso gogor entrenatu nintzen eta etxean egindako denborekin banekien emaitza on bat lortzeko gai nintzela. Gauzak ondo irten ziren eta bigarren sailkatu nintzen. Irabazlea Xabier Zaldua izan zen eta orain beraren aurka dut apustua. 

Zalduak orduan hirugarren urtez jarraian irabazi zuen pentatloia eta beraz, argi dago aurrean duzun aurkaria ez dela edonor.

Kirolaria handia da. Gainera oso sasoi puntu onean dago, eta moralez gainezka iritsiko da. Ez dakiguna da nola moldatuko den segan.

Aurrekari horiekin ikusmin handia sortuko da.

Kalean jende dezentek galdetzen zidan ea apostua egingo zen, jendea gogotsu dago. Gainera apustu mitiko bat da eta jendea mota honetako probak ikusteko gosez dago.  

6.000 euro jokatzen dituzue. Jendeak joateko aukera izatea garrantzitsua da jasotzen den berotasunaz aparte, sarreren bidez diru iturri bat izateko.

6.000 euroak jokatzea guk hartzen dugun arrisku bat da, baina horren atzetik prestaketa egiteko gastatzen dugun guztia dago. Nik adibidez beste 6.000 euro inguru gastatu behar izan ditut egurretan eta bestelako gauzetan, eta behintzat entrenamenduetako kostuak kubritzeko guretzat garrantzitsua zen jendea joatea.

Harturiko arrisku hori inbertsio on bihurtzeko irabazi egin behar.

Ondo hastea garrantzitsua izango da, bietako batek abantaila handia hartuz gero bat hazi egingo delako eta besteak behera egingo duelako. Aurkari zaila dudala jakinagatik ni ilusio guztiarekin eta konfidantzarekin nire onena ematera eta irabaztera joango naiz.


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA

Web edukia bistaratu

Covid-19 Urnietan

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.