Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2021·10·07
Abiatu berri den 2021-2022 ikasturtean, aurtengo Eskolako Agenda 2030 programari ekin diote Urnietako ikastetxeek, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleekin. Programa hau Urnietako udalak bultzatzen du eta Artelatzek Ingurumen Zerbitzuak S.L.k garatzen du.
Eskolako Agenda 21 zena, iaz Eskolako Agenda 2030 bihurtu zen eta Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan oinarritzen da. Helburu hauek nagusiki mundu mailan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko sortu dira. Mundua aldatzeko helburuak dira, inor atzean utzi gabe.
2020-2021 ikasturtean 15. helburua ezagutzen hasi ziren ikastalde ezberdinetan: lehorreko ekosistemetako bizia. Helburu zabala izanik, basoetan oinarritu zen lanketa. Aurtengoan gai berria dute eskuartean: zelaiak, larreak eta landare itsutasuna.
Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak izateaz gain, belarra altxor preziatua da Euskal Herriko baserrientzat. Beharrezkoak, guztion artean zaindu beharrekoak, baserritarrak, mendizaleak eta gainerako naturaren, eta zelaietakoak bereziki, erabiltzaileak. Landareen itsutasunaz hitz egiten dugunean, oro har espezieei buruz dugun ezjakintasuna aipatuko dugu. Zuhaitz-espezie batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenik ezagutzen. Izan ere, oharkabean pasatzen dira. Ba al zenekien lurraren azalera kontinentalaren laurdena inguru belardiz estalita dagoela? Belardietako landarediak eta lurzoruak karbonohustuleku gisa erabiltzen dira, klima aldaketaren aurka borrokatzen lagunduz.
Ikasturtean zehar, eskola komunitatean parte hartzen duen herritar orok gaiaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea izango du. Hemendik, herritarrak belardi eta larreak behatzera animatzen ditugu, ikusgarritasuna ematera, ingurumen jasangarriago baten barruan merezi duten balioa emateko.