Eduki publikatzailea
Zaintzako Ekosistema

Urnietako zaintza-ekosistema
Urnietak, Euskal Autonomia Erkidego osoak eta mendebaldeko gizarte garatuek bezala, biztanleriaren zahartze nabarmena bizi dute. Aldaketa demografiko honek erronka sozial garrantzitsuak dakartza, eta egungo zaintza‑eredua birpentsatzea eta bizitzaren zaintza politika publikoen erdigunean kokatzea eskatzen du.
Gizarte bidezkoago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko, beharrezkoa da epe labur eta ertainera zaintza partekatuaren inguruko gogoeta kolektiboa egitea, eta zaintza beharrizan gero eta anitzago eta handiagoei erantzuteko estrategia, antolaketa modu eta jardunbide berriak definitzea. Testuinguru honetan, zaintza sareak eta eremu publiko komunitarioaren arteko lankidetza indartzea funtsezkoa da.
Helburu horrekin, 2024an Urnietako Udalak udalerriko zaintza ekosistema eraikitzeko proiektua jarri zuen martxan, eredu propio eta partekatu baterantz lehen urratsak eginez. Prozesuaren koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa bermatzeko, talde motor bat sortu zen, proiektuaren garapena gidatzeko.
Egindako jardueren artean, nabarmena da diagnostiko kualitatibo baten elaborazioa, zeinak udalerriko zaintza‑beharrak eta herritarren lehentasunak eta asmoak identifikatzeko aukera eman duen. Horrez gain, diagnostiko soziodemografiko bat egin da, populazioaren egungo egoera ezagutzeko eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko. Era berean, Urnietan mendekotasun‑egoeran dauden pertsonei zuzendutako zerbitzu publikoen eskaintza aztertu da.
Paraleloki, zaintzen inguruko topaketa, hausnarketa eta herritarren parte hartzerako espazioak sortu dira Zaintza Mahaia eta Zaintza Jardunaldiak, besteak beste, zaintza eredu lokalaren eraikuntza kolektiboaren zutabe nagusi gisa.
Bestalde, gizarte zerbitzuetako profesionalak prestakuntza eta berrikuntza prozesu batean murgilduta daude, pertsonan eta haien eskubideetan oinarritutako arreta‑eredu bat sustatzeko. Ikuspegi honek oinarri du pertsona guztiek dutela beren bizitza‑proiektua garatzeko eskubidea, behar dituzten laguntzak edozein direla ere, eta pertsonak ez garela soilik gure beharrak: gaitasunak, indarguneak, ametsak eta nahiak ere baditugula.
Eskubideetan Oinarritutako Ereduak herritar izaten jarraitzeko eskubidea lehenesten du, laguntza intentsiboak behar direnean ere. Eredu honek zerbitzuak pertsonetara egokitzea proposatzen du, eta ez alderantziz, komunitatean bizitzen jarraitzeko aukera bermatuz: parte hartuz, gozatuz eta ekarpenak eginez.
Eredu honetara igarotzea aldaketa kultural sakona Dakar eta gizarte osoari eragiten dio. Zerbitzuen antolaketa eredua eraldatzea, jardun profesionalak berrikustea eta ikuspegi integralago eta pertsonalizatuagoa hartzea eskatzen du. Era berean, laguntza‑sareen arteko koordinazioa sendotzea eta pertsonak beren bizitzaren kontrola mantentzen dutela bermatzea ezinbestekoa da.
Eredu honen azken helburua da edozein pertsonak, bere egoera edo behar dituen laguntzak edozein direla ere, Urnietan ahalik eta denbora gehien bizitzen jarraitu ahal izatea eta aukeratu duen bizitza‑proiektuarekin koherentzian egitea.
Ildo horretan aurrera egiteko, bi urteko zaintza‑plana diseinatu da, Urnietako zaintza eta laguntza sistemak hobetzeko ekintzak jasotzen dituena. Planak pertsonen eskubideak eta duintasuna erdigunean jartzen ditu bai laguntza jasotzen duten pertsonena, bai zaintza lanak egiten dituztenena, eta komunitate oinarriko eredua sustatzen du, bizitza komunitatean garatzea ahalbidetuz eta arreta instituzionalizatuak saihestuz.














