Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2023·12·01
Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egoki bat eskaintzea funtsezkoa da, baina nor arduratzen da zaindarien egoeraz? Bada, hain justu ere, helburu hori du Urnietako Udalak gizarte zerbitzuen bidez eskaintzen duen zaindarien laguntza taldeak, pertsona zaintzaileei informazioa, babesa, laguntza, formazioa eta egoeraren arabera jarraitu beharreko irizpide zehatzak ematea, alegia.
Espazio erabat konfidentziala da non mendekotasunaren gaineko bizipenak eta beharrak taldean partekatzeko aukera ematen den. Baita, autoezagutza indartzeko, zaintzaren testuinguruan sortzen diren emozioez jabetzeko eta pentsamendu saboteatzaieleei aurre egiteko ere. Horrek guztiak zaintzaileen bilakaera psiko-emozionala lantzeko eta garatzeko balio du.
Era berean, haien egunerokoa eramangarriagoa izan dadin eskura dituzten beste baliabide edo zerbitzu batzuen berri ematen zaie. Hala nola, laguntza psikologikoa, zaindarien atsedenerako aukerak, garraio egokitua eta laguntza ekonomiko eta teknikoak.
Zaindarien laguntza taldea hilean behin elkartzen da 2 orduz Elkarteen Etxean. Interesa duten pertsonek urteko edozein momentutan dute izena emateko aukera eskaera udal gizarte zerbitzuetan eginda. Horretarako hitzordua telefonoz 943008000 edo emailez urnietakoudala@urnieta.eus eskatu daiteke.