Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Youness Aamara: "gure artean laguntzeko gaude, eta horixe egin nuen emakume batek sukaldean sua zuela esan zidatenean"
2021·09·08
Uztailaren 3a. Youness Aamara bere dendan (Casablanca Harategia) lanean ari zela, jendearen marmarra entzun zuen kalean, eta horrek zerbait gertatzen zela iradoki zion: "kalera irten nintzen eta esaten zuten adineko emakume batek sua zuela etxean eta laguntza behar zuela". Kea ateratzen ari zen Idiazabal kaleko 11. zenbakiko lehen solairuko pisu batetik, eta Aamarak ausardiaz eta eskuzabaltasunez lagundu zion emakumeari, bi aldiz pentsatu gabe. Beste bi gizonen laguntzarekin, balkoiari heldu eta eskalatu egin zuen, etxebizitzan sartzea lortu arte. Sua itzali eta andrea etxetik atera zuen. Aamararen giza izaeraz nolakoa den argi erakusten duen keinua.
Nola gogoratzen duzu egun hura? Tentsio handiko uneak izango ziren ezta?
Egoera berria zen niretzat eta ez nekien zer aurkituko nuen, baina andreari lagundu behar nion. Etxean sartu nintzenean sua eta ke asko zegoen, ez zen ia ezer ikusten eta emakumea blokeatuta zegoen zer egin ez zekiela. Zartagina hartu, iturria ireki eta ura bota nuen sua itzaltzea lortu nuen arte. Gero, andreari lagundu nion etxetik irteten, eta gero, jende gehiago igo zen laguntzera.
Oso ausarta izan zinen.
Gure artean laguntzeko gaude, eta horixe egin nuen emakume batek sukaldean sua zuela esan zidatenean. Edonori gerta dakiokeen zerbait da. Zorionez, dena ondo atera zen. Etxetik atera ginenean, azkurea nuen begietan, baina tanta batzuk bota eta pasa egin zitzaidan. Anbulantziak artatu zuen andrea, ke asko irentsi zuelako, baina ondo dago, eta horrek asko pozten nau. Niri ere jende askok lagundu dit nire bizitzan, eta ahal dudanean gauza bera egiten saiatzen naiz.
Ez bazenu etxean sartzea eta sua itzaltzea lortu, egoera asko zailduko zen.
Gure laguntzarik gabe ez dakit zer gertatuko zen, suhiltzaileak iritsi arte denbora bat pasatzen delako eta emakumea blokeatuta zegoelako. Jende askok eskertu dit egin nuena, eta oraindik gogoraratzen didate gertaeraren berri duten pertsonek. Andrearen semeari ere gertatutakoaren berri eman zioten, eta iritsi zenean asko eskertu zidan.
Jende askok ezagutuko zaitu Casablanca Harategia gobernatzen duzulako, baina kontatu gainerakoei nor den Youness Aamara.
Ni Marrakexekoa naiz eta 2007tik nabil hemen. Oso gazte etorri nintzen 16 urterekin bizimodu hobea izateko. Hasieran Italiara joan nahi nuen, han senideak nituelako, baina Algeciras, Madril eta Valladolidetik igaro ondoren Donostiara etorri nintzen.
Hain gaztea izanda, egoera zaila izango zen zuretzat.
Egia esan, bai, bakarrik eta gaztelaniaz jakin gabe etorri nintzelako. Valladolidetik Donostiara autobusean etorri nintzenean nire alboan kokatu zen Tolosako andre baten laguntzari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera-zentro batean sartu nintzen. Eskerrak eman nahi dizkiot andre hari. Une hartan ezin izan nion esan gaztelaniaz ez nekielako, baina elkarrizketa irakurtzen badu, nire esker ona jasotzea gustatuko litzaidake.
Noiz arte egon zinen zentruan?
18 urtera arte. Denbora horretan, soldadura, mekanika eta garbiketa ikastaroak egin nituen. Gaztelania ere ikasi nuen. Gero, alokairuan joan eta lanean hasi nintzen. Adreiluak egiten dituen Villabonako enpresa batean egon nintzen, sagardotegi denboraldi batzuk egin nituen eta errementari eta soldatzaile lanetan ere aritu naiz. Denetarik egin dut, eta orain, aurreztu dudan diruarekin, janari musulmaneko denda bat ireki dut Urnietan.
Nola hartzen ditugu atzerritarrak hemen?
Hasieran errezeloa dago, eta ez zaituzte asko baloratzen, kaleko mutila zarela uste dutelako, baina gero, ezagutzen zaituztenean, pertzepzioa aldatu egiten da. Mutil ona eta langilea zarela esaten dizute. Hasieran zaila da, baina lan eginez gero aurrera egiten da. Kirolak integratzen lagundu dit. Jende asko ezagutu dut eta lagun asko egin ditut.
Zein kirol egin duzu?
Atletismoa. Donostian, atletismo pistara joan nintzen nire kabuz entrenatzera, eta Jose Martin izeneko entrenatzaile bati esker, Donostiako Atletikorekin lehiatzen hasi nintzen. Emaitza onak lortu ditut. Gipuzkoako txapelduna izan nintzen. 2011n egin nuen lehen aldiz Behobia, ordu bat eta sei minutuko markarekin, proba 23. postuan amaituz. Atletikorekin 3.000 metroak korritzen zituen eta herrietan antolatzen ziren lasterketetan ere parte hartzen nuen. Adibidez, Errenteriako San Silbestre bat irabazi nuen. Orain, ez naiz lehiatzen, baina astean 2-3 egunetan ateratzen naiz nire kontura korrika egitera.
Zer moduz doakizu denda?
Hasieran kosta egiten da, baina ez doa gaizki eta espero dezagun hobeto joatea. Nire bezeroak batez ere musulmanak izango zirela uste nuen, baina, zorionez, hemengo jende asko hurbiltzen da. Gauza ekologikoak eta naturalak ditugu, eta jendeari gustatzen zaizkio. Oso eskertuta nago.
Pozik zaude Urnietan? Eta nola ikusten duzu etorkizuna?
Oso pozik. Berdegune asko daude eta hori asko gustatzen zait. Gainera, jendea atsegina eta adeitsua da. Ama eta arrebak Marokon daude eta anaia Suitzan. Gogorra da eta faltan botatzen ditut, baina teknologiari esker kontaktua mantendu dezaket. Ea laster ikusten ditudan. Gainerakoan, oso ondo. Orain ile-apaindegi bat irekiko dut Urnietan, funtzionatuko duen esperantzaz. Dendan jarraituko dut nik eta lagun bat kontratatuko dut ile-apaindegirako.