Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Yoana eta Juanjo Niebla: "Asierren kasuarekin aurrekari bat sortu da eta lehen epaia hor dago"
2022·03·16
Asier Nieblaren familia oraindik ere asimilatzen ari da Auzitegi Gorenak emandako behin betiko epaia, akusatuari hamaika urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezartzen diona dolozko giza hilketagatik, baina ez du jasotzen bai familiak eta baita, Urnietako Udalak ere, eskatzen zuten genero-astungarria: “dezepzionatuta gaude genero-astungarria kontuan hartzeko esperantza genuelako. Fiskaltzak ere hala eskatzen zuen, baina azkenean ez da horrela izan, ez dute busti nahi izan”, dio Juanjo Nieblak. Yoana Niebla, bere aldetik, Donostiako Lehen Auzialdiko Auzitegiaren lehen epaiarekin geratzen da, herri-epaimahai batekin, astungarri hori kontuan hartu baitzuen: "Lehen epailea izan zen kasu guztia jarraitu zuena eta alde guztiei entzun ziena: akusatua, lekukoak... Gu horrekin geratzen gara. Ez dugu ondo ulertzen nola gero interpretazioa aldatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eta Auzitegi Gorenean, epaile batek eta fiskaltzak abalatuta egonda”.
Niebla 2018ko urrian hil zen, bi hilabetez koman egon ondoren, emakume baten bikotekide ohiak bortizki eraso egin baitzion Donostiako taberna baten kanpoaldean. Ordutik, familiak arlo emozionalean oso gogorra izan den prozesu luze bati aurre egin behar izan dio: “psikologikoki oso gogorra izan da, asko borrokatu behar izan dugulako eta prozesuan zehar aldaketa asko egon direlako. Genero-astungarrian arreta handia jarri dugu, baina zuhurtziagabekeriazko hilketa zela ere esan zezaketen, eta lau urterekin irten. Akusatuak bertsioak aldatzen ditu epaiketa nola zihoan ikusita eta beldur ginen” kontatzen du Yoana Nieblak. "Justizia ez da beti justua, eta seme edo anaia bat galdu duenari dena gutxi iruditzen zaio", gehitu du Juanjok.
Nolanahi ere, eta nahiz eta jakin zauri hori ez dela inoiz itxiko, egindako ahalegin guztiarekin geratzen dira eta gauzaturiko bideari balioa ematen diote. “Hasieran espero genuena baino askoz harago joan gara”, azaldu du Yoanak. “Nire ustez, Asierren kasuarekin aurrekari bat sortu da, eta lehen epaia hor dago”. Genero-indarkeriaren egungo legeak erasotzailearekin aldez aurretik harreman afektiboa duten edo izan duten emakumeak edo ondorengoak bakarrik hartzen ditu indarkeria matxistaren biktimatzat, gainerako biktima bikario guztiak alde batera utzita, Asier Nieblarekin gertatzen den bezala. Beraz, kasu honek etorkizunean gauzak aldatzeko balio izatea espero dute: “gustatuko litzaiguke legea zabaltzea, biktima guztiak biktima gisa har daitezen”. “Asierrek ez zuen erasotzailea ezagutzen eta ez zuen bere burua defendatzeko aukerarik izan, ez zuelako etortzen ikusi. Erasotzaileak neskari esan zion norbaitekin ikusiz gero bere bila joango zela, eta horixe gertatu zen. Motibazioa argi zegoen, baina lege honek hutsuneak ditu”, kontatu du Juanjok.
Asko baloratzen dute urte hauetan erakundeen zein herritarren aldetik jaso duten laguntza, eta zehaztu dute hori gabe ez zuketela hainbeste zarata egingo eta ez zuketela hainbeste indar aterako borrokan jarraitzeko. “Urnietan Asier biktima gisa aitortuta dago. Asko eskertzen diegu Udaleko ordezkari politiko guztiei, denbora honetan guztian babesa eman digutelako eta oso ausartak izan direlako”, adierazi du Juanjok.
Era berean, sentimendu bereziarekin gogoratzen dituzte epe honetan garatu diren ekimen guztiak, bereziki “Puertas” erakusketa eta lagunek antolatutako lasterketa. “Lasterketaren eguna oso hunkigarria izan zen, egun tristea baina polita aldi berean. Jende askok parte hartu zuen, dena oso ondo atera zen eta, egia esan, energia txute bat izan zen guretzat”, kontatzen du Juanjok. Yoanak gaineratu du egun hartan Asier imajinatzen zuela “guri begira bere irribarre eskandalagarriarekin”. Ateari dagokionez, zehaztu dute “guretzat oso garrantzitsua zela Asierrek bere atea izatea erakusketan, gainerako biktimek bezala”. Orain Lekaion dagoen atea betiko geratzen da, eta Asier gogoratzeko ez ezik, gogoeta egiteko ere balio du. Juanjok bere anaiaren oroimenez konposatu zuen abestiak ere betiko iraungo du oroimenean: “zaila izan zen abesti hori sortzea. Orain, entzuten dudanean amorru pixka bat nabaritzen da. Tonua baxua da, ahotsa apur bat urratuz. Abestiak betiko dira, hemendik urte askotara entzun ahal izango da eta gertatu zena ezagutzeko balioko du”.
Prozesu luze hau amaitu ondoren, atseden pixka bat hartu behar dutela diote, egindako ahalegina oso handia izan baita. Gero, beste erritmo batean bada ere, prest daude beren aletxoa jartzeko eta indarkeria matxistaren biktima guztiak biktima gisa aitortzeko behar den guztian laguntzen jarraitzeko.