Eduki publikatzailea
Atzealdea Xoxokako eskola
Xoxokako eskola
100 urte bete dituen auzoko eskola
1925-2025
1924
Urnietako Goiburu auzoko baserritarrak elkartu ziren. Herriko Eskola Publiko Nazionalera joateko zailtasunak zituzten haurrek, batetik oso urruti zegoelako bizitokia eta bestetik neguan bidaia hori asko zailtzen zelako. Horren ondorioz, ume asko eskolaratu gabe geratzen ziren. Aukera desberdinak eztabaidatu ondoren, Kintalaenean eskola txiki bat jartzea erabaki zuten.
Maiatzaren 30ean, Urnietako Udalean, irakaskuntza sustatzeko Tokiko Batzarra eratu zen eta bertan erabaki zen Kintalaeneako eskolak berriak gutxieneko baldintzak betetzen ez zituenez irtenbideren bat bilatu behar zela.
Urnietako Udalak eraikin berria egitea adostu ondoren Antonio Setien arkitektoari eskatu zion proiektua egitea.
1925
Urtarrilaren 18an auzotarren bilera egin zuten eskola berria non kokatu erabakitzeko.
Urtarrilaren 24an, eskola berria Xoxokan izango zela erabaki ondoren, auzotarrek euren laguntza eskaini zuten eraikitze lanetan laguntzeko.
Otsailaren 12ko idazki batek dio eraikin berria eraikiko zen gunean eraikitzeko nahikoa harri eta hondar (gertu zegoen Altzibargo harrobitik) eta pago egur (Zilegi mendietatik) pilatu zutela auzotarrek eta lanean hasteko prest zeudela.
Aurrekontua 20.694,57 pezeta izan arren, auzolanari eta Foru Aldundiak emandako 4.000 pezetako dirulaguntzari esker eskola berria eraikitzea ez zen 13.000 pezetetara iritsi.
Uztailaren 2an, eskola berria inauguratu zen.
1936
Argiteria jarri zuten helduei gauez eskolak eman ahal izateko eta bide batez, haurrei ere eskolak ematen hasi ziren, izan ere, gauez aritzeko ohitura oso hedatua zegoen landa eskoletan, haur askok egun osoa lanean ematen zutelako.
1972-1973 ikasturtea
Pepita Campos andereñoak jubilazioa hartu zuen 70 urterekin iraila hasieran eta betirako itxi zuten eskola.
Andereñoak
1925 -1936 Angela Arrue (Kintalaenean eta Xoxokan)
1936 – 1938 Matilde Aranzaolatroque
1938 – 1943 Petronila Esnal
1943 – 1973 Pepita Campos
Oharra: Ahozko tradizioari jarraituz, Xoxoka deitzen diogu baina, toponimikoki, gune hau Txusaka da.