Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Vanessa Barriuso: “gure nahia da zaldiekiko afizioa handitzen joatea eta Gipuzkoa mailan tokitxo bat egitea”
2022·02·09
Familiako zaletasunari bide emateko helburuz sortu zuten Basitegi hipika kluba 2020an eta une zailak igaro dituzten arren, pixkanaka garatzen joatea, bidea egiten jarraitzea eta Gipuzkoa mailan leku bat egitea dute helburu Vanessa Barriuso arduradunaren hitzetan.
Nola sartu zineten abentura honetan?
Ni Donostiarra naiz, Gros auzokoa. Bere garaian psikologiako ikasketak egin nituen eta praktikak gauzatu nituen enpresa arloan, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu. Ondoren, beste lan batzuetan jardun nuen, eta, azkenean, 2008an Basitegi baserria erosi genuen zahar zaharra eta terreno guztiak garbitzeko zeudela. Lehen proiektua oilategiarena izan zen, 2013an jarri genuen martxan.
Orain ordea, landetxea eta hipika ere badituzue.
Orain zaldiak dauden lekuan Basetxerriko txerri kanperoak jarri genituen oilategiaren ostean. Esperientzia polita izanagatik gogorra izan zen, lan asko eskatzen zuena eta errentabilitate gutxi ematen zuena. Garai hartan beste hipika batera joaten ginen erabiltzaile moduan nire bi semeekin, baina hango egoera txarra zen. Gipuzkoan badaude beste hipika batzuk, baina guretzat urruti zeuden eta zaldiak zaintzera egunero joan behar da. Etxean poni eta potro batzuk bagenituenez eta lurrak ere eskura genituenez guretzako pista bat egitea pentsatu genuen. Asmoa semeek entrenatzeko leku bat izatea zen, gure zaletasunari bide emateko, izan ere, Espainia mailan irteten gara txapelketetan parte hartzera.
Abiapuntua hori izanda, noiz eman zenuten jauzia?
Pista eta zaldi-ukuilua egindakoan jendeak galdetzen zigun montatzera joateko aukera zegoen. Horretaz gain, aurreko hipikan egindako lagunak probatzera etortzen hasi ziren. Beste pauso bat ematea erabaki genuen eta 2020an Udalekuak antolatu genituen lehen aldiz.
Nola joan dira lehen hilabeteak?
Hipika bezala landetxea ere 2020an ireki genuen pandemiaren erdian eta oso momentu zailean. Une gogorrak pasa genituen, izan ere, bolaba batean hipikara etortzea ez zegoen baimendua, eta bezeroak etorri ez arren, zaldiak mantendu eta zaindu behar dira horrek duen kostuarekin. Ilusio handiarekin eman genuen pausoa baina jarraikortasun ezaren ondorioz gorabehera asko izan ditugu. Ea orain martxa hartzen dugun.
Zenbat zaldi dituzue?
Orain zaldi eta ponien artean 24 inguru egongo dira. Pare bat bezeroenak dira, beste bi nire semearenak eta gainerakoak etortzen diren pertsonek montatzeko dira.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?
Banakako eta taldeko ekitazio eskolak eskaintzen ditugu maila guztietarako. Hasieran zaldian ibiltzen erakusten dugu, eta, ondoren, maila pixka bat hartzen dutenean saltoan erakusten dugu, batez ere horretara bideratuta gaudelako. Txapelketetan ere modalitate horretan aritzen gara.
Edonor etor daiteke? Baita inoiz zaldian ibili ez den pertsona bat ere?
Ez da beharrezkoa zaldiketaz ezer jakitea hona etortzeko, zaldian ibili ez diren pertsonak etor daitezke. Kasu horietan zerotik hasten gara oinarrizko gauzak erakutsiz, eta beldurra izanez gero sokarekin eramaten ditugu hasieran. Gu hipika txiki bat gara eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dugu multzo txikiko klaseekin. 5 pertsona inguru egon ohi dira klaseetan, ez gehiago, eta mailen arabera antolatzen ditugu. Beste leku batzuetan 10-15 pertsona egon daitezke klase bakoitzean.
Paseoak emateko aukera badago?
Badaude beste zalditoki batzuk zaldiak paseoak emateko ohituta dituztenak, baina gureak ez, gureak saltoan aritzeko daude entrenatuta. Dena den, baditugu hastapenerako lasaiagoak diren batzuk ere.
Hori bai, 3,4 edo 5 urteko ume txikientzat poniekin paseoak emateko aukera eskaintzen dugu gurasoen laguntzarekin. Horrek lehen kontaktua egiteko balio du.
Zaldiak uzteko aukera badago?
Bai. Zaldia duten pertsonek hona ekar dezakete, domatzeko edo zaintzeko, baita klaseetan parte hartzeko ere. Bere zaldia dutenentzat prezioak baxuagoak dira. Gutxi gara hemen eta bezeroak etxekoak balira bezala tratatzen ditugu.
Zein perfiletako jendea etorri ohi da?
Ia denak umeak dira eta gehienak neskak izaten dira. Ez dakit zein den arrazoia baina hipikan 10etik 8 neskak izaten dira txikitan. Gero egia da 16-17 urterekin neska gehienek utzi egiten dutela. Mutiletan berriz, jarraipena handiagoa da, pena bat da.
Nondik etortzen da jendea?
Donostiatik batzuk eta Hernanitik ere dezente. Urnietatik berriz, oso gutxi, 1 edo 2 soilik gerturatu dira probatzera.
Prezioei dagokienean zein tarifa dituzue?
Klase batean ordu solte batean montatzera etortzea 25 euro dira. Gero jarraipena izan nahi duten pertsonentzako 6 hilabeteetan gasta daitezkeen bonoak ditugu, 6koak (120 euro) eta 10ekoak (180 euro). Horretaz gain, astean 3-4 egunetan etortzen diren umeei klaseak 14 eurotan irteten zaizkie. Beraz, zenbat eta gehiago etorri orduan eta merkeago.
Ordutegi aldetik zein aukera eskaintzen dituzue?
Asteartetik ostiralera arratsaldeetan egoten gara eta asteburuetan berriz, goizez 10:00-14:00 bitartean.
Zein dira zuen instalazioen ezaugarriak?
50 x 30 metroko hareazko pista txukun bat dugu aire librean. Baita zaldientzako ukuilua ere.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Albaitaria eta erratzailea kontratatu egiten ditugu gure beharren arabera. Bertako langileei dagokienean kuadrak eta garbitasuna egiteko pertsona bat dugu. Bestalde, irakasle bat dugu klaseak emateko eta gero nik dena koordinatzen eta gainbegiratzen dut.
Zein da zuen egunerokoa?
Goizeko 8:00etan gosaria ematen diegu zaldiei, belarra eta pentsua. Gero oheak egiten ditugu, beraien lekua garbitu eta atera egin behar dira mugitzeko eta ahalik eta hobekien mantentzeko. Ahal dugunean egunean bi aldiz ateratzen ditugu. Oso pendiente egoten gara zaldiak ondo egon daitezen. Oso inportantea da zainketa egokia egitea. Animali indartsuak diruditen arren, delikatuak dira. Edozein momentutan koliko bat izan dezakete eta… Gu oso gainean egoten gara. Eguraldi onarekin larrera ere ateratzen ditugu. Bestalde, klaseak antolatzen ditugu horretarako zaldiak prestatuz.
Animaliekin harreman berezia sortuko da ezta?
Umeak ordu erdi lehenago etor daitezen saiatzen gara zaldia prestatzen ikas dezaten. Beste batzuk denbora dutenean egun osorako ere etortzen dira mundu honetan barneratzen joateko, eta zaldiak ateratzen eta sartzen laguntzen digute. Horrekin guztiarekin beste hainbat balore ere ikasten dira, arduratsua izatea adibidez.
Zaldi bakoitza desberdina izango da ezta?
Normalean zaldi batekin ibiltzen dira beti umeak, baina noizean behin zaldia aldatzen diegu ikus dezaten zaldi bakoitzarekin desberdin jokatu behar dela eta egokitu egin behar dutela. Izan ere, zaldi batzuek odol beroa dute eta beste batzuk berriz, hotzak dira. Beraz, izaeraren arabera egokitzen jakin behar da.
Kirol arriskutsua da?
Berez ez, baina istripuak izaten dira kirol guztietan bezala. Erorketak egon daitezke, baina gu saiatzen gara horiek saihesteko lanketa pertsonalizatua egiten eta entrenamenduak egokitzen.
Lehiaketak edo bestelako ekitaldiak antolatzen dituzue?
Oraingoz ez, klaseetara eta udalekuetara bideratuta gaude. Dena den, hona etortzen diren eta maila polit bat lortzen duten umeei txapelketetan parte hartzeko aukera eskaintzen diegu. Horretarako astean 3-4 aldiz etorri behar izaten da, bestela oso zaila da. “Liga Norten” parte hartzen dugu, normalean hilabetero izaten dira probak.
Emaitza onak lortzen dituzue?
Gurekin dabilen Hernaniko neska bat esaterako, apirilean hasi zen eta abenduan Gipuzkoako txapeldun izan zen bere altueran. Guretzako harrotasun eta poztasun handia da hona etortzen diren ikasleak gozatzen eta garatzen ari direla ikustea. Horretaz gain, saiatzen gara erakusten garaipenak denonak direla. Nahiz eta banakako kirola izan atzetik taldeko lana eta elkarlaguntza handia dago. Umeen arten laguntasun berezi bat sortzen da. Txapelketak gustatzen zaizkigu eta baita lehiatzea ere, baina beti esaten diegu umeei kiroltasuna eta errespetua direla gauzarik garrantzitsuenak.
Zein erronka dituzue etorkizunari begira?
Gure nahia da zaldiekiko afizioa handitzen joatea, etorkizunean handitzen joatea eta Gipuzkoa mailan tokitxo bat egitea. Ea gero eta ume gehiago etortzea lortzen dugun. Horretako pista estali bat egitea garrantzitsua litzateke, beste pauso bat ematen lagunduko liguke. Ea posible den.