Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako zaintza-ekosistema artikulatzen
2024·04·23
Urnietako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak plan partekatu eta kolaboratibo bat diseinatzeko helburua du, Urnieta zaintzak erdigunean jartzen dituen herria izan dadin. Horretarako, partaidetza prozesu bat jarriko da abian, non beharren diagnostikoa egiteaz gain, datozen urteetarako ibilbide orri bat diseinatuko den.
Urnietako pertsona, entitate eta erakunde guztiek prozesuan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, galdetegi bat bidaliko da udalerriko etxe guztietara, eta maiatzaren 26ra arte entregatu ahal izango da udalerriko hainbat puntutan ipiniko diren buzoi eta kutxetan: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Sarobe eta Elkarteen Etxea, besteak beste. Galdetegia online betetzeko aukera eskainiko da, bai udalaren APPan eta baita webgunean ere. 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute.
Aldi berean, zaintzak jasotzen ari diren pertsonak eta haien familiak prozesu horretan modu espezifikoagoan parte hartzera gonbidatuko dira, beren egungo esperientzia kontuan hartuta, sistemaren indarguneak eta bete gabeko beharrak detektatzeko.
Ildo horretan, zaintza-ekosistema bati buruz hitz egiten dugunean, tokiko mailan osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak integratzea bilatzen da, ekimen publikoak eta pribatuak zaintzak behar dituzten pertsonen eta zaintza horiek eskaintzen dituzten pertsonen eta profesionalen beharretatik abiatuta konektatuz.
Mikro mailan, pertsonekin lan egitea proposatzen du, eta makro mailan, sistemekin, zaintzak erdigunean jarriz eta zaintzaren kultura partekatua sortuz, non udalerriko jarduerak eta politikak sostengatuko diren, eta arreta- eta zaintza-ibilbideen kudeaketa pertsonalizatua lehenetsiko den.
Hausnarketa ahalik eta askotarikoena eta aberasgarriena izan dadin, Urnietan bizi diren pertsona guztiek eztabaidaren eta elkarrizketaren parte izan ahal izango dute parte hartzeko kanal eta espazio ezberdinen bidez. Era berean, zaintza-kateko kide diren eragile komunitarioek ere parte hartuko dute. Parte hartzeko ezarritako epea amaitu ostean eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren, aurkezpen publiko bat egingo da, udalerrian zaintza-eredu berri bat garatzen hasteko bidean ateratako ondorioen berri emateko.
Urnietako Udaleko Gizarte Zerbitzuek bultzatutako proiektuak Matia Institutuaren eta Zabalduz Kooperatibaren aholkularitza izango du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako finantziazioari esker gauzatu ahal izan da, Zaintza HerriLAB esparruaren barruan. Horretaz gain, Europar Batasunaren finantzaketa ere badu.