Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Urnietako Udalak proposamen bat sinatu du indarkeria matxistaren biktima guztiak genero indarkeriaren legearen barruan onartuak izan daitezen
2020·11·25
-
Proposamena Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoen arteko akordioarekin sinatu da: EAJ, EH Bildu eta PSE-EE.
-
Legeak aldatzeko proposamena Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari bidaliko zaie.
-
Egungo legeak erasotzailearekin aldez aurretik harremana duten edo izan duten emakumeak soilik onartzen ditu indarkeria matxistaren biktimatzat, eta beraz, biktimaren kontzeptua zabaltzea eskatuko da.
-
Aldaketaren bidez, zeharkako biktimek lege-babesa izatea lortu nahi da.
Urnietako Udalak bi proposamen egin ditu genero-indarkeriaren legea aldatzen saiatzeko eta biktimaren kontzeptua zabaltzeko, gaitz hori pairatzen duten pertsona guztiak, biktima zuzenak zein zeharkakoak, legearen babespean egon daitezen.
Proposamenak gaur arratsaldean sinatu dituzte Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), udaletxeko batzar aretoan egin duten prentsaurrekoan. Bertan, Jorge Segurado alkate jeltzaleak azaldu duenez, “egungo legeak erasotzailearekin aldez aurretik harremana duten edo izan duten emakumeak soilik onartzen ditu indarkeria matxistaren biktima gisa, eta gainerako biktima guztiak, emakumeak zein gizonak, alde batera uzten ditu, Asier Niebla urnietarrarekin gertatzen den bezala”.
Proposamena Asier Nieblaren kasua abiapuntu izanda garatu da
Seguradok gogorarazi duenez, Asier Niebla bi hilabetez koma egoeran egon ostean hil zen, 2018ko abuztuaren 12an, Donostiako taberna baten kanpoaldean hitz egiten ari zen emakume baten bikotekide ohiak bortizki eraso ostean. Jeloskortasunez egindako erasoa izan zen, Asier une hartan hitz egiten ari neskari, erasotzailearen bikotekide ohiari, sufrimendua eragiteko asmoz. Horregatik, Urnietako Udalak hasiera-hasieratik ulertu zuen ekintzaren motibazioa erabat matxista izan zela, eta, beraz, halakotzat jo behar zela.
Bizilagun urnietarraren kasua abiapuntutzat hartuta, Urnietako Udalak lan sakona burutu du Sortzen aholkularitzaren eskutik. Sortzen aholkularitza genero-indarkerian eta emakumeen ahalduntzean espezializatuta dago. Legea aldatzeko proposamen hauekin buruturiko lan guztia azaleratzen da. Izan ere, Seguradok adierazi duenez, “egungo lege-murrizketen ondorioz, zeharkako gainerako biktimak ikusezin bihurtzen dira”.
- Lehenengoa abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren erreforma da, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
- Bigarrena Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen erreforma da.
Halaber, Seguradok adierazi du indarkeria matxista emakumeen aurka gauzatzen den indarkeria estrukturala dela, eta era askotara adierazten dela, baina ez da soilik emakumeengana zuzenean gauzatzen, eta ez da soilik bikoteen arazoa, baizik eta gizarte osoari, eta biktimaren ingurune osoari eragiten dio: familiari, lagunei, bikote berriei eta abarri. Hori dela eta, alkatearen arabera, errealitate hori islatu egin behar da legearen ere: “legea aldatzeko, proposamenak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari bidaliko dizkiegu, Udalak ez baitu eskumenik gai honetan”.
Era berean, alkateak argi utzi nahi izan du Urnietako Udalaren proposamenak ez duela zalantzan jartzen indarkeria estrukturala pairatzen dutenak emakumeak direla, baina bere dimentsio osoan ulertzeko indarkeria matxistaren biktima guztiak babestu behar direla uste du: “ez gara proposatzen ari gizonak genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat hartzea, proposatzen ari gara biktimaren kontzeptua zabaltzea, biktima bat denaren ikuspegi murriztaile horretatik kanpo geratzen direnak barne hartzeko”, gaineratu du. Hain zuzen ere, emakumeen aurkako indarkeria egiturazkoa delako, indarkeria mota berriak agertzen ari dira emakumeen aurka, hala nola emakumeen inguruko pertsonei kalte egitea, emakumeei min emateko helburu bakarrarekin. Indarkeria-mota hori emakumeen aurkako egiturazko indarkeriaren parte ere bada, eta indarkeria-testuinguruaren zeharkako biktimak ere indarkeria matxistaren biktima dira.
Bestalde, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie oposizioko taldeei sinadura aho bateko babesarekin egiteko izan duten jarreragatik eta erakutsi duten prestutasunagatik: “Urnieta Asierren kasuarekin oso lotuta egon da hasiera-hasieratik, eta oso garrantzitsua da maila politikoan akordio honetara iristeko gai izan izana”.
Asierren familiaren esker ona
Asier Nieblaren aurkako erasoa indarkeria matxistatzat jo zuen Urnietako Udalak uztailaren 28an egindako osoko bilkuran, eta, orain, legea aldatzeko proposamenak sinatu dira: “espero dezagun ibilbidea izatea eta indarkeria matxista bere osotasunean erakusteko balio izatea”, esan du Seguradok.
Asierren familiarentzat urrats hau oso esanguratsua da eta Urnietako Udalak denbora honetan guztian zehar egin duen lana eskertu dute: “gure ondoan egon dira hasieratik eta guretzat ezinbestekoa izan da eman diguten laguntza guztia. Gainera, Asierren epaiketa abenduaren 9an hasiko da eta pauso berri honek epaiketari aurre egiteko indar handia ematen digu. Lanean jarraituko dugu justizia egin dadin”.