Aplikazio habiaratuak
Albisteak
2023·03·23
Urnietako Udalak Pausoka elkartearekin duen konpromisoa berritu du, izan ere, 2016.urtean elkarteak herrian zentro berria inauguratu zuenetik lankidetza hitzarmenak berritzen joan da orain burutu den bezala. Hitzarmen berria 2026ko abenduak 31 arte egongo da indarrean, eta, horren bidez, Udalak Idiazabal kaleko 13. zenbakian dagoen lokala lagatzen jarraituko du, Pausokak bertan jarduerak garatu ditzan. Era berean, bere gain hartzen ditu lokalaren erabilerari dagozkion mantentze gastuak.
Pausoka elkartearen helburua premia bereziak dituzten seme-alaba adingabeen garapena babestea da, haien garapen pertsonala sustatuz, bai maila fisiko eta psikikoan, bai hezkuntza, lan eta gizarte mailan. Xede horrekin logopedia, terapia okupazionala, fisioterapia, osteopatia eta psikologiako terapiak eskaintzen dizkie premia bereziak dituzten adingabeei. 2022.urtearen amaieran 27 erabiltzaile zeuden Urnietako zentroan eta horietatik 5 urnietarrak ziren.
Horretaz gain, zenbait zerbitzu ematen dira bertan. Hala nola, familiei laguntzeko banakako tratamendu-plana, adingabeen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten tresnak garatzea, familia tailerrak eta osasun, hezkuntza eta gizarte-erakundeekin etengabeko koordinazioa. Hori guztia gauzatu ahal izateko hainbat profesional ditu plantillan: fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak, logopedak eta psikologoa, besteak beste.