Urnietako Udalak Gobernantzaren Europako Bikaintasun Zigilua lortu du
2022·01·19
Urnietako Udalak Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Europako Kontseiluak ematen duten 2021eko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortu du. Zigilu horrek tokiko gobernuen kalifikazio gorena egiaztatzen du, gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera. Gasteiz, Bilbo, Basauri, Eibar eta Andoaingo Udalek ere eskuratu dute zigilua.
Eudelek Bilbon duen egoitzan argitaratu da gaur ELoGE zigilua lortu duten udalerrien zerrenda. Agurtzane Mercader zinegotziak jaso du saria Urnietako Udalaren ordezkari gisa, Gorka Urtaran EUDELeko presidente eta Gasteizko alkatearen eskutik. David Rosco zinegotzia ere bertan izan da. Halaber, Tokiko gobernuentzako Europako "Labela" banatzeko ekitaldian, Alina Tatarenko Europako Kontseiluko Gobernantza buruaren esku-hartze telematikoa izan da.
ELoGE (European Label for Govenance Excellence) Europa mailako saririk handiena da gobernu demokratikoaren hamabi printzipioko zerrendan bikaintasunaren kalifikazioa egiaztatzen duten tokiko gobernuentzat. Europako Kontseiluaren autoebaluazio-sistema zorrotz batean oinarritutako aintzatespena da, eta udal-kudeaketa eraginkorra eta jasangarritasun-ikuspegia duena bideratzea du helburu.
Urnietako Udalak dituen probak aztertu ditu 97 adierazleri erantzuteko. Adierazle horiek bere jardueraren alderdi guztiak hartzen dituzte, bai antolaketaren barruan, bai zerbitzuari dagokionez eta gizartearekin harreman estua izateari dagokionez. Besteak beste, honako atal hauek aztertu dira: administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko kanal edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikorako tresnak, eta giza eskubideen sustapena, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta gizarte-kohesioa ardatz gisa hartuta.
Agurtzane Mercaderrek bere hitzaldian nabarmendu duenez, “sari honek erakusten du Udalak egunero egiten duen lan guztia erakunde hurbila, arina, eraginkorra, gardena, parte-hartzailea eta etorkizunera begira dagoena izaten saiatzeko, aurkezten diren erronkei modurik egokienean aurre egiteko”. Mercaderrek gaineratu du oinarri horiekin “helburu nagusia herritarren beharrei eta itxaropenei erantzutea eta Urnieta guztion artean eraikitzen jarraitzea dela”. Era berean, nabarmendu du “ez dugula erlaxatu behar bereizgarri hori lortzearekin, izan ere, garrantzitsuena da modu berean lan egiten jarraitzea, gure gobernagarritasun-maila onari eusteko”. Bestalde, esker oneko hitzak izan ditu Udaleko langileentzat, egiten duten lan bikaina goraipatuz eta sari hau horren isla dela adieraziz.
Urnietak zigilua eskuratu duen bigarren aldia
ELoGEren balioa da ez dela betiko, izan ere, lortu ondoren bi edo hiru urtean behin berritu behar baita. Hain zuzen ere, horixe izan da Urnietako Udalaren kasua, 2018an ere zigilua lortu baitzuen, eta, orain, berriz lortu du, eta horrek balioa ematen dio urte hauetan guztietan egindako lanari.
2017 eta 2021 bitartean, ELoGEren lau edizio egin dira Euskadin, eta, horietan, EAEko 12 udalek lortu dute bikaintasun-ziurtagiria.
Orain arte, Europako ehun tokiko gobernuk (127) baino ez dute Europako Kontseiluaren bereizgarri garrantzitsu hori. Zerrenda esklusibo horretan Euskadiko 12 udal daude, eta Estatu mailan, Kataluniako Parets del Vallés herria bakarrik.