Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Udalak Egapeko DBH eraikina egiteko konpromisoa berretsi du udalbatzarrean
2021·12·18
Urnietako Udalak aho batez onartu zuen ostegun goizean egindako udalbatzarrean Egapeko DBH eraikina eraikitzeko erabiliko diren lursailak Eusko Jaurlaritzari lagatzeko konpromisoa. Gaur egun, Udalak urbanizazio lanak hasi ditu, eta Hezkuntza Saila bere aldetik, ikastetxearen proiektua idazten ari da. Horrenbestez, proiektu honek Udalarentzat duen garrantzia berretsi zen beste behin. Urbanizazio obra babilonia aldeko sarbideak eta zerbitzuak egokitzean datza.
Adostasun osoz onartu zen baita, ADIFek udalari trenbide-jabari publikoa okupatzeko egingo dion administrazio-emakida. Obraren lehen fasea amaitzear dago eta laster azpiko pasabidea erabili ahal izateko unea iritsiko da. Gauzatzen ari den obrak tren geltokian trenbide-mailan dagoen pasabidea kentzea eta herritar guztiei irekitako lurrazpiko pasabidea eta igogailua eraikitzea ahalbidetuko du. Pasabide berriari esker oinezkoek modu seguruan eta irisgarrian zeharkatu ahalko dute bidea. Hain zuzen, igarobide hori erregulatzeko balio du emakidak.
Bestalde, Urnietan edateko uraren ponpaketa-estazio berria (EUPE) eraikitzeko Plan Bereziaren proiektua behin betiko onartu zen PNV-ren eta PSE-EE-ren aldeko bozkarekin, EH Bildu berriz, abstenitu egin zen bozketan. Obra honi esker urnietarren %99ak Añarbeko ura kontsumitzea lortuko da, eta, gainera, kontsumo horretarako instalazio egokiagoak ahalbidetuko dira.
Halaber, bide publikoan terrazak jartzeko ordenantzaren hasierako onespena eman zen PNV-ren bozkekin eta oposizioko alderdien abstentzioarekin. Gobernu Taldeak azaldu zuen establezimenduen erabilerarekin, bizilagunen atsedenarekin eta herritarren gozamenarekin bat datorren araudia egiten saiatzen ari dela. Horretarako, aurrekontsulta bat egin zela zehaztu zuen eta bertan jasotako 2 proposamenak aztertu eta aintzat hartu direla. Era berean, azpimarratu zuen oraingoa hasierako onarpena baino ez dela, eta, artean, proposamenak eta aldaketak egiteko aukera dagoela. PSE-EE-k eta EH Bilduk ostera, adierazi zuten zaila izango dela ordenantza hau bere horretan betearaztea.