Edukira joan

Urnietako udalaren logotipoa

Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Habiaratutako portletak
Albisteak
Atzealdea

Urnietako Udalak bide publikoetan terrazak jartzeko ordenantza onartu du, ez-ohiko Osoko Bilkuran

.

2022·05·04


Ez-Ohiko Osoko Bilkura elkartu zen atzo Urnietako Udalean gai zerrendan jasotako hiru puntuak aztertu eta bozkatzeko helburuarekin.

Ordenantza: bide publikoetako terrazak

Bide publikoetan terrazak jartzeko ordenantzari behin betiko onespena eman zion atzo Osoko Bilkurak, EAJ-PNVren aldeko botoekin, eta PSE-EE eta EH Bilduren abstentzioarekin. Jorge Segurado alkateak puntuaren sarreran azaldu zuen moduan, ordenantzak ibilbide bat egina zuen atzo bitartean, hainbat Batzordeetatik pasata baitzegoen eta zenbait aldaketa egin baitzitzaizkion.

Puntua azalduta, PSE-EEko bozeramaileak hartu zuen hitza, Herme Gonzalezek, euren bozka azaltzeko: «abenduko Osoko Bilkuran hasierako onarpena bozkatu zen, eta onartu bazen ere, abstenitu egin ginen eta bi aipamen egin genituen. Batetik, gure zalantza azaldu genuen, izan ere, behin ordenantza onartuta, ez dakigu betetzeko gai izango diren. Araudi baten beharra dagoela uste dugu, baina honek errealitatearekin bat etorri behar du. Kasu honetan ez dugu argi ikusten. Bestetik, ez dugu ulertzen nola ari garen gaur Ordenantza hau bozkatzen oraindik alegazioak erantzun ez badira. Arrazoi horiengatik abstenitu egingo gara, berriz ere».

EH Bilduko bozeramaileak, Ainara de Miguelek, hartu zuen hitza ostean, Komisioetan emandako argudioak gogora ekarriz: «araudi batek existitu behar duela uste dugu, bizikidetza bermatu behar baitugu. Araudi horrek bi baldintza bete behar ditu: betegarria izan behar du eta biztanleen ongizatea bermatu behar du». Atzo bozkatu zen Ordenantza abendukoarekin alderatuz gero, alde handirik ez dagoela azaldu zuen bozeramaileak: «argi dugu egun bertan azaltzen diren zenbait puntu ezin direla bete, terrazak egunero jaso behar izatea, esaterako. Ez dugu bermerik ikusten ordenantza hau puntuz puntu bete ahal izateko». Argudioak emanda, EH Bildu abstenitu egingo zela jakinarazi zuen.

Oposizioko bi taldeei erantzunez, Mikel Pagolak, EAJ-PNVko bozeramaileak azaldu zuen Gobernu Taldearen ikuspuntua: «oposizioaren argudioei erantzunez pare bat gauza azaldu nahi ditut. PSE-EEko bozeramaileari azaldu nahi diot, Ordenantza hasierako erakusketa publikoan egon zenean pare bat pertsonek egin zituztela ekarpenak, eta erantzun egin zitzaizkiela. Orain, azken fasean, alegazio berriak izan dira eta horietako asko onartu egin dira. Azken Batzordean aipatu genituen zeintzuk izan ziren proposamenak eta horietatik zeintzuk jaso ziren Ordenantza honetan». Bestalde, EH Bilduko bozeramailearekin bat egiten duela azaldu zuen Pagolak, dioenean, dokumentu hau bizia dela: «orain arteko Ordenantza eguneratu egin behar zen, eta prozesu horretan saiatu gara oreka bat bilatzen establezimenduetako jabeen artean eta herritarrek atsedenerako eta bizikidetzarako duten eskubideen artean. Urnietan 25 establezimendu daude ostalari, tabernari eta okindegien artean, kanpoaldean terraza jartzeko aukera daukatenak. Horrek onura batzuk ekarriko dizkie, baina era berean, dituzten betebeharrak ere aintzat hartu beharko dituzte». Pagolak azaldu zuen, Gobernu Taldeak argi duela ordenantza hau betearazteko ostalari eta tabernarien lankidetza eta laguntza ezinbestekoa izango dela: «orain artekoa, hein handi batean, betetzen zuten, eta berria ere betetzea nahi dugu. Gure helburua da, establezimenduetako jabeen eta bizilagunen arteko oreka hori bermatuz, ordenantza betetzea; horretarako sortu da. Udalak horretarako dituen baliabideak jarriko ditu, eta kontzientziazio lanketa bat ere egingo da. Guztiok dauzkagu eskubideak eta betebeharrak».

Ordenantza Fiskalak

Bigarren puntuan, 2022rako Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onarpena bozkatu zen, eta aho batez onartu zen. Jorge Segurado alkateak azaldu zuen moduan, sententziaren ostean, joan den urtean, Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga bertan behera geratu zen: «aldaketa hori aztertua, Ordenantza Fiskala berriz ere indarrean jartzeko eguneratu egin behar izan dugu plusbaliaren puntua. Horrez gain, Batzordeetan aipatu bezala, aldaketa aprobetxatuko dugu 10 euroko tasa ezartzeko Udalak aurrera eramandako lan-eskaintza publikoetan parte hartu nahi duten pertsonentzat. Era berean tasa berri bat ere gehituko dugu kiroldegi berriko obretan bukatzear dauden boxak erabili ahal izateko».

Alderdi sozialistaren bozeramaileak egin beharreko tramite bat zela azaldu, eta alde bozkatuko zutela adierazi zuen.

EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen, komisioan abstenitu egin zirela, eta behin informazio guztia izanda, alde bozkatuko dutela, hala egin behar den prozedura bat delako.

Kreditu aldaketa

Azkenik, kreditu aldaketa onartu zuen Osoko Bilkurak aho batez, Alkateak azaldu moduan, Covid-a dela eta, Foru Aldunditik bideratutako 210.000 euroak hainbat lanketetara bideratu ahal izateko.

PSE-EEko bozeramaileak dirua Covid-ak utzitako ondorioak arintzeko Gobernu Zentralak jarritako partidatik datorrela gehitu zuen, eta honen erabilera hiru alderdien artean erabaki izana goraipatu zuen.

Bide beretik, EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen, partida honen berri izan zutenean alderdiaren nahiak azaldu zituztela, eta Gobernu Taldearen prestutasuna poz handiz hartu zutela: «hiru alderdiek elkarrekin adostu dugu aurrera eramango den zerrenda. Eskerik asko gure hitza entzutegatik».

Amaitzeko, Mikel Pagolak, EAJ-PNVko bozeramaileak Diputazioaren erabakia goraipatu zuen, diruaren partida handi bat Gipuzkoa osatzen duten 88 udalerrien artean banatzea erabaki baitu: «Covid 19aren garaian Udalek aktuazio eta egoera ezberdinei egin behar izan diete aurre, eta eskertzekoa da». Bestalde, Pagolak azpimarratu zuen alderdi politikoak ados agertu zirela fokoa urnietarrengan jartzearekin, Udal aurrekontuan sartuko diren 210.000 euroak hauei zuzenduak izateko: «herritarrak dira gehien sufritu dutenak eta sufritzen ari direnak, bai pandemia eta baita ere Europan sortu den gerra. Eskertzekoa da talde guziek ados jartzeko izan duten jarrera eta egindako lana. Gaur onartua izateak ahalbidetuko du ahalik eta azkarren txertatu ahal izatea Udal Aurrekontuetan. Eta zorionez, guztion oniritziarekin izango da».


Banner-a
Web edukia bistaratu

Jarrai gaitzazu Youtuben

Web edukia bistaratu

INFORMAZIO
GUZTIA ESKURA
KLIK BATEAN

  Twitter   Facebook   YouTube

Web edukia bistaratu
AGENDA KULTURALA

AGENDA