Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Udalak bere atsekabea helarazten die Amaia Agirreren senide eta lagunei, bilaketa bertan behera geratu ondoren
2023·01·22
Amaia Agirre urnietarra eta Iker Bilbao durangarra ostegunean desagertu ziren, Argentinako Patagoniako Fitz Roy tontorretik jaisten ari ziren bitartean elur jausi batek harrapatu eta arrail bateraino eraman zituenean. Hirugarren euskal mendizale bat onik atera zen, eta berak eman zuen gertatutakoaren berri. Fitz Roy mendia 3.405 metroko mendia da, Argentina eta Txile arteko mugan kokatua, eta munduko mendirik zail eta ankerrenetako bat izatearen ospea du.
Argentinako erreskate taldeak desagertutako bi mendizaleak aurkitzeko lanak egiten ari ziren, eta atzo arratsaldean iragarri zuten bertan behera geratu zirela bilaketa lanak, inguru horretako baldintza meteorologikoak oso txarrak zirelako.
Andeetako El Chalten Zentroko Laguntza Batzordeak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, "eskalatzaileak ez daude desagertuta, duela 48 ordu arrakala batean lurperatuta daude, eta uste dugu gorpuak bilatzeak arrisku oso handiak eragiten dizkiela gure borondatezko erreskatatzaileei". Hori dela eta, erreskatea amaitutzat eman zuten.
Oharrean azaldu zutenaren arabera, lurpean dauden arraila 100 metro luze eta 8 metro zabal da (gutxi gorabehera), eta 15 metroko sakonera du elur-tapoiraino, haren benetako fondoa zein den jakin gabe. Horregatik, bilaketa eta indusketa lanak arrisku handia suposatzen zuten.
Urnietako Udalak bere atsekabea helarazten die Agirreren senide eta lagunei zorigaiztoko gertaera honen aurrean. Aldi berean, babesa eta maitasuna erakutsi nahi dizkie une zail hauetan, eta behar duten laguntza eskaintzen die.
Argazkia: Pagina12