Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Udalak abian jarri du Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia On Bizi elkartearekin lankidetzan
.
2021·09·13
Urnietako Udalak Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia (MIPB / PERCO) garatzeko prozesua martxan jarri du. Plana Ikertalde enpresaren laguntzarekin aurrera eramango da eta “On Bizi” merkatarien elkartearen kolaborazio aktibo eta zuzena izango du.
Hirugarren sektore ekonomiko sendo bat izateak, hau da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore erakargarria izateak, herritarrei bizi kalitatea eta herri dinamismoa eskaintzen die. Era berean, gertuko zerbitzu eta merkataritza eskaintza zabala izateak herritarrek Urnietan kontsumitzea errazten du, herriari izaera biziagoa eta erakargarriagoa emanez, eta bizimodu jasangarriagoa bultzatuz.
Azken urteotan aldaketa sakonak izan dira sektorean, eta Covid 19ren pandemiak areagotu egin du egoera hori, merkataritza sektorean gertatzen ari zen aldaketa prozesua bizkortu baitu, bai merkaturatzeko moduei dagokienez, bai kontsumo ohiturei dagokienez. Hala, gero eta garrantzi handiagoa dute internet bidezko erosketek, tokiko kontsumoaren garrantziak eta salmenta prozesuei lotutako zerbitzuek, besteak beste. Horrenbestez, sektoreak berregokitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko prozesu bat behar du.
Ekintza parte hartzaileak
Egoera horren aurrean, Udalak Urnietako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia jarri du abian. Plan hori Urnietako herritarrei eta merkataritza sektoreari irekitako ekintza parte hartzaileetan oinarrituta diseinatuko da. Ekintza horiek hurrengo hilabeteetarako programatuta daude.
Horrela, herriko bizilagunei inkestak egingo zaizkie, kontsumitzaile gisa, bai telefonoz, bai kalean. Eta bigarren fase batean, udalerriko hirugarren sektoreko ehuna osatzen duten establezimenduei, eskaintza aztertzeko helburuarekin.
Ekintza lerroak
Prozesu horretan lortutako emaitzak eta ondorioak datozen urteetan sektoreko hirigintza eta lehia eremuan garatu beharreko ekintza lerro zehatz batzuetan gauzatuko dira. Azken batean, Ekintza Planak udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu eskaintza eta espazioa hobetzen eta modernizatzen lagunduko du, eta, baita, egungo gizartearen kontsumo beharrei eta ohiturei hobeto erantzuten ere.
Hori dela eta, Udalak herritarrak, kontsumitzaile nagusiak diren aldetik, eta sektorea bera animatzen ditu hurrengo hilabeteetan pixkanaka deituko eta garatuko diren jardueretan parte hartzera (telefono bidezko inkestak, kaleko inkestak, elkarrizketak, sektoreko lantaldeak), Ikertalde aholkularitza-enpresarekin lankidetzan, azterlanaren lan teknikoak garatzeaz arduratuko dena.