Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Urnietako kanpoko argiteria guztia LEDera aldatzea eta mantenua eramatea ahalbidetuko duen argiteria publikoaren lizitazioa onartu da
2022·12·09
Azaroaren 29an egindako osoko bilkuran, Urnietako Udalak argiteria publikoa mantentzeko kontratuaren lizitazioa onartu zuen. Kontratu horri esker, udalerriko kanpoko argiteria guztia LED sistemara aldatzea aurreikusi da, energiari dagokionez eraginkorragoa izango den udalerri bat izateko eta ingurumena gehiago errespetatzeko, argi-kutsadura murriztuko bailitzateke.
Egindako argiteria publikoaren auditoretzaren arabera, horrek %70eko murrizketa ekarriko luke udaleko argiteria publikoaren energia-kontsumoan. Lizitazio horretan zerbitzua mantentzea ere sartzen da.
Horrela, Udalak energia aurreztearen alde hasitako bideari jarraipena emango dio. Azken urteotan herriko 300 argi inguru aldatu dira, eta, orain, herriko kanpoko argiteria osoa osatzea da asmoa, horrek ekarriko lukeen onura eta aurrezpenarekin. Puntu hori aurrera atera zen EAJren Gobernu Taldearen aldeko botoekin. EH Bildu eta PSE-EE, berriz, abstenitu egin ziren, oinarrietan zehaztutako irizpideak beteko direla kontrolatzea zaila dela uste dutelako.
Udal espazio eta materialen lagapenerako araudia
Bestalde, aho batez onartu zen Udal espazio eta materialen lagapena eta erabilera arautzen duen udal erregelamendua. Araudiaren helburua da, hainbat erakundek interes publikoko jarduerak egiteko baliatzen dituzten espazio eta materialen erabilera eta funtzionamendua arautzea. Jendaurrean egon ostean, tramitazioaren unea iristen da orain, eta, horretarako, hasierako onarpena eman zaio. Behin argitaratuta, alegazioen epea irekiko da, eta, ondoren, behin betiko onartuko da. Araudi berri honekin erabiltzaileei gauzak errazteko saiakera egin da.
Gainerako puntuak
Halaber, Udala aldi baterako lanpostuak egonkortzeko prozesuan lanean ari da, eta bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza onartzeko beharrezkoa den hitzarmena ere adostasun osoz atera zen aurrera udalbatzarrean.
Azkenik, hiru alderdiak ados agertu ziren Urnietako udalaren zerbitzura dauden langileen eta arduraldi esklusiboa edo partziala duten korporazioko kideen ordainsarien %1,5eko igoera onartzean.
Osoko bilkura amaitu ondoren, kiroldegiko langileen ordezkariek beren eskaerak helarazi zizkioten Udalari hiru greba egun egin ondoren.