Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Atzealdea Urnietako Gazte Festak ekainak 2-4 bitartean ospatuko dira
2023·05·26
Urnietako Gazte Festak ate joka ditugu jada. Normalean maiatzeko azken asteburuan ospatu ohi dira, baina, aurten, udal eta foru hauteskundeak direnez astebete atzeratu dira, eta ekainaren 2-4 bitartean ospatuko dira.
Jai Batzordeak jardueraz beteriko programa bat antolatu du egun horietarako herriko elkarteek buruturiko lan bikainari esker. Ekintzak oso anitzak izango dira, eta adin tarte guztiei bideratuta egongo dira. Bihar, maiatzak 30, banatuko da programa herriko etxe guztietara.
Txupinazoa
Jaiei hasiera emango dien txupinazoa Jai Batzordeko ordezkaritza batek jaurtiko du ekainaren 2an, arratsaldeko 19:30ean, Udaletxeko balkoitik. Dena den, aurretik, eguna girotzen hasteko hainbat ekintza izango dira. Esate baterako, Bubble futbola, pala txapelketako finala, bertso poteoa, kantu kalejira Kantazaun taldearen eskutik, umeentzako jokuak TEK-ek antolatuta eta Etxeberri plazako elkarteak antolaturiko ekintzak. Gymkana bere aldetik bertan behera geratu da. Gaua berriz, Oihan Vega DJ entzutetsuak girotuko du San Joan plazan, eta, halaber, Poxta Zaharrek antolatuta 10etan Makulu eta Txopet taldeak entzuteko aukera izango da Jakutegi plazan.
Ekainak 3
Larunbat goizean, Txanbolin bandak diana jo ostean, Urnieta dantzan jarriko da 11:00etatik aurrera, izan ere, “XVII Urnieta Dantzan” jaialdia ospatuko baita. Eguerdian, sagardoa dastatzeko aukera eskainiko da San Joan plazan eta arratsaldeko 16:00etan V.Slalon edizioa ikusgai izango da Erratzuko parking-ean Xoxoka motor klubak antolatuta. Arratsaldean zehar, eskolarteko txirrindularitza proba, elektrotxaranga, kale antzerkia, haurrentzako tailerrak, TEK-ek bideraturiko jokuak eta Flower Power Ibiza Festa ere izango dira. Gauean berriz, kontzertuak.
Ekainak 4
Igandean ere gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera zabala egongo da. Txikienentzako ekojolasen tailerra eta puzgarriak 11:00etan. Ordu berean Oka jolas erraldoia Habitantes de Innsmouthek antolatuta eta ordu erdi beranduago aldiz, ibilgailu zaharren lasterketa hasiko da. Eguerdian Txanbolinen kontzertua entzun ahalko da San Joan plazan, eta arratsaldean, jaiei amaiera emateko, erraldoi eta buruhandiak eta disko festa egongo dira.
Eraso sexistarik gabeko jai askeak
Bestalde, berdintasunean oinarrituriko jaiak bultzatu nahi dira, non askatasuna eta errespetua bermatzen diren. Zentzu horretan argi utzi nahi da herriko jaiek emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe ospatu eta gozatu behar direla, jarrera horiek ez baitira onartzen inondik inora ere.
Errepide mozketak
Gazte Festetako ospakizunen eraginez, errepide mozketak izango dira Idiazabal kalean larunbateko 10.00etatik igandeko 15:00 arte.
Mozketak irauten duen bitartean autobus geltoki bakarra izango da Denda Berri Jubilatuen Egoitza aurreko biribilgunean.