Aplikazio habiaratuak
Albisteak
Urnietako familia "media" baten presio fiskala 8 euro baino ez da handituko 2022an, tasen eta zergen igoerarekin
2021·10·20
2022rako ordenantza fiskalak onartu ziren urriaren 13an ospatu zen Udalbatzarrean. Gobernu taldeak azaldu zuen moduan ordenantza fiskalen bidez kobratzen diren tasa eta zergen gaineko bilketa egitea ezinbestekoa da Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztien kalitatea bermatzen jarraitzeko. Halere, zehaztu zuen ordenantzen eguneraketa gaur egungo testuingurura egokituta burutuko dela.
Aurtengo ordenantzekin alderatuta %2,9ko igoera orokorra emango da, uztaileko KPI-ren (kontsumo prezioen indizea) igoeraren parekoa, hain zuzen, nahiz eta zerga batzuei igoerarik aplikatuko ez zaien eta beste batzuetan hobariak eskainiko diren. Hala, igoera horrek herriko familia “ohikoetan” izango duen eragin zuzena neurtzeko baliatzen den presio fiskala 640 eurokoa izango da 2022.urtean, eta aurten berriz, 632 eurokoa zen. Hau da, urtean 8 euro gehiago (%1,4ko igoera erreala suposatzen duena) soilik ordaindu beharko ditu Urnietako familia “medio” batek. Presio fiskalaren kalkulua herritar gehienek erabiltzen dituzten ohiko zerbitzuak aintzat hartuta egiten da: ura, zaborra, trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga eta ondasun higiezinen gaineko zerga.
Halaber, Gobernu taldeak azaldu zuen zuzeneko eta zeharkako zergen eta bestelako sarreren bidez biltzen den diruak Udalaren aurrekontuaren %48 inguru suposatzen duela, 4,5 milioi euro pasatxo, eta kantitate horretatik, ordenantza fiskalen bidez aurreko urtean baino 48.000 euro gehiago biltzeko aurreikuspena dagoela. Beraz, atal horren diru-bilketaren igoera %1 ingurukoa soilik izango da.
Hainbat zerga igoerarik gabe
Datu eta igoera orokorrak horiek badira ere, ondorengo zergei ez zaie igoerarik aplikatuko eta orain dauden bezala mantenduko dira:
- Ura eta estolderia.
- Gizarte zerbitzuetako hauek: adinekoen tutoretzapeko etxebizitza zerbitzua, etxez etxeko laguntza zerbitzua, eguneko arreta zerbitzua, eta jabetze eta guraso eskoletakoak.
- Baratze ekologikoetakoak.
- Saroben eskaintzen diren zinema eta bestelako emanaldietkao sarrera eta bonoetakoak.
Salbuespenak
Bestalde, igoerarik jasoko ez duten zerga horietaz gain, badira beste bi salbuespen ere. Alde batetik, bide publikoen erabilera pribatuari dagokionean mahai eta aulkien tasa berreskuratuko da, baina 2020an zegoen zergaren erdia aplikatuz soilik. Eta bestetik, ibilgailuen gaineko zergari dagokionez jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren aldeko apustua egingo da. Horrela, zaldi asko dituzten ibilgailuen tasak handituko dira, horiek baitira gehien kutsatzen dutenak.
Hobariak
Halaber, helburu beraren pean eta trantsizio energetikoaren bidean urratsak ematen jarraitzeko xedez zerga abantailak aplikatuko dira ondorengo kasuetan:
- Ibilgailu elektriko eta hibridoetan.
- Eguzki energia edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko eta elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzeagatik.
- A edo b motako energia eraginkortasuneko etiketa bat lortzeko energia birgaikuntza xedea duten obra eta etxebizitzetan.
Era berean, hobari horiek eskatzeko epea urtarrilaren 31ra arte luzatzeko erabakia hartu duela jakinarazi zuen Gobernu taldeak.
Berdintasun politikekiko konpromezua
Horretaz guztiaz gain, Berdintasun politikekiko konpromezu irmoa erakutsi zuen Gobernu taldeak beste behin konpromezu hori ordenantzetan ere islatu duela adieraziz. Zentzu horretan azaldu zuen, azken hilabeteetan garatzen ari den III Berdintasun Planaren lehentasun politikoetako bat bizitzen zaintza izango dela. Zaintzari behar duen lekua eman nahi dio, beronen garrantzia aitortuz eta zaintzaren antolaketa modu justuago batean egiteko berrantolaketa bat abiatuz. Ariketa horren emaitzak lortu bitartean eta lehen urrats bezala, ordenantzetan guraso bakarreko familien kontsiderazioa gehitzeko erabakia hartu duela nabarmendu zuen. Gauzak horrela, familia ugariek duten onura berdina aplikatuko zaie guraso bakarreko familiei ondorengo tasetan:
- Musika eskolan
- Udalekuetan
- Ikastaroetan
2022. urteko ordenantza fiskalak PNV-k osatzen duen Gobernu taldearen aldeko bozkarekin onartu ziren. Oposizioko bi alderdiek ostera, aurka bozkatu zuten ordenantza horiek herriko errealitatearekin bat ez datozela argudiatuta.
Kreditu aldaketa
Ordenantza fiskalez gain, beste hainbat puntu ere onartu ziren udalbatzarrean, esaterako, kiroldegiko erreformaren barruan gauzatu behar diren zenbait lan aurrera eramateko 413.000 euroko kreditu aldaketa. PNV eta EH Bilduk babestu zuten kreditu aldaketa, PSE-EE bere aldetik aurka agertu zen.
Bestalde, 2022 urterako autotaxi zerbitzuaren tarifak onartu ziren eta baita Beterri-Buruntza Mankomunitatearen estatuak ere, non Jorge Segurado alkatea eta Agurtzane Mercader zinegotzia izango diren Udalaren ordezkariak.